
Gaurtik aurrera eta datorren urteko urtarrilaren hasierara bitarte, Bilboko Abando-Barrainkuako, San Inazio-Ibarrekolandako, Otxarkoagako, Begoñako, San Frantziskoko, Castañoseko eta Burtsako udaltegietan zazpi erakusketa ikusi ahalko dira txandaka Expodistrito izeneko ekimen artistikoaren barruan.
Horietatik lauk pintura izango dute ardatz, Durangaldeko Arte Elkartearen, Zubietxeko Arte Tailerraren eta Carsa Arteren erakusketak eta Conchi Ororbia artistak eginiko margolanak, hain zuzen ere.
Horiez gain, Jose Alzuetek zeramikazko lanak ere paratuko ditu Bilboko udaltegietan. Argazkigintzak ere bere tokia izango du Expodistrito arte ekimenean. Hala, Jose Antonio Palomaresek bere paisaiak erakutsiko ditu eta IMVAL eskolako ikasleek haien argazkiak jarriko dituzte ikusgai.
Hala, gaurtik irailaren 14a bitarte, Casa Artek Pintura eta Arte Digitala izeneko erakusketa jarri du Castañoseko udaltegian eta Zubietxeko Arte Tailerrak berriz, Ulises 2.0 izenburuko pintura erakusketa Barrainkuakoan.
Bilboko Udalak bidalitako oharrean jakinarazten denez, “Expodistrito programaren helburuen artean hiribilduko arte adierazpenak deszentralizatzea eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea daude, eta baita jada ezagunak diren beste batzuen erakustoki izatea ere”.