
Azaroaren 21ean abiatuko da Bilboko Udalak antolaturiko ZINEBI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia. Aurten bere 67. edizioa egingo da. Arriaga Antzokian egingo den inaugurazio-galarekin abiatuko da eta azaroaren 28ra arte luzatuko da.
Aurten, 44 herrialdetako 156 film programatu dira, eta horietatik 132 film laburrak dira, 6 metraje ertainekoak eta 18 film luzeak. Horietatik, 41 film euskal ekoizpenekoak dira: 33 film labur, 6 film ertain eta 2 film luzeak.
Aurreko edizioetan bezala, proiekzioak bi ataletan banatuko dira: Sail Ofiziala eta beste proiekzio batzuk. Lehenengo atalean Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa sartzen da. Bigarrenean, Beautiful Docs – Munduko Dokumentalen Panorama atala, dokumentalaren nazioarteko panoraman gertatzen dena islatzen duen lehiarik gabeko erakusketa; Bertoko Begiradak saila, Euskadin ekoitzitako film labur eta luzeek osatua eta euskal ikus-entzunezkoen industriako produktore, zinemagile eta profesionalen lana aintzatestera zuzendua; baita beste saio berezi batzuk ere.
Aurtengo sail ofizialak 33 herrialdetako 58 film bilduko ditu. 19 film fikzioak dira, 19 dokumentalak eta 20 animaziozkoak.
Aurten, 67. edizio honetan, Zinemaldiak Pablo Berger zinemagileari eta Esther Garcia ekoiztetxeari emango dizkio Ohorezko Mikeldiak. Bergerrek “Filmografia koherente, arriskatu eta sakonki humanista baten egilea, tradizioa eta modernitatea, emozioa eta pentsamendua, umorea eta malenkonia uztartzen jakin du”. Beste aldetik, Esther García “zinema espainiar garaikidean funtsezko figura eta zinema ekoizpenean erreferente ukaezina” da.
ZINEBIk azaroaren 28an emango du ezagutzera bere palmaresa, 83.000 euroko sariekin.
Beste hitzordu interesgarri batzuekin gozatzeko aukera izango da jaialdiak irauten duen bitartean, adibidez ZINEBI TXIKIk haurrei zuzendutako programa bat proposatuko du, Arriaga Antzokian eta Bilboko Guggenheimen ikusi ahal izango diren lau film txekiarrekin. Eta Zinebiskopio sail berriak zinema elkarrizketa sozialerako eta memoria kolektiborako tresna gisa aldarrikatuko du. Proposamen hau bost gai-esparrutan garatuko da: “komunitate georgiarra eta haren integrazio kulturala; artea eta zinema, gizarteratzeko eta belaunaldien arteko elkarrizketarako bitarteko gisa; ikus-entzunezko sorkuntza, gaixotasun mentalen aurkako babes gisa; memoria historikoaren berrikuspena; eta dokumentala, memoria kolektiboaren euskarri eta eraikitzaile gisa”.
BBK Aretoan egiten den saio bakoitzean, proiekzioak eta solasaldiak tartekatzen dira zinemagile, espezialista eta gizarte-eragileekin.



