ESZENA

Aulestin, antzerkiz beteriko astea

ArteDrama Euskal Laborategiak antolatu du antzerkiz beteriko aste hau, diziplina horretaz gozatzeko. Eta hala, apirilaren 21etik 26ra euskal antzerkiaren lagin bat ikusgai izango da Aulestin.

“Zabaldu diezaiogun atea antzerkiari! Sartu dadila barrura negar edo barre egin nahi duen oro. Sufritu eta gozatu. Munduaz ahaztu, edo munduaz jakin. Ertz biek eta tartekoak. Denak izango du kabida Aulestin.
Aurtengoan, aipamen berezia egin nahiko genieke urtero hainbeste lagundu ohi digutenez gain, Burdinola eta Erabil enpresek eman diguten babesari. Izan ere, gero eta zailagoa baita oasi honi lehortzen ez uztea.”

Hilaren 21ean, Arene Onaindia Abrisketak Le nouveau menú du chef  eroango du Aulestira. “Jatetxe famatu bateko sukaldariak zopa bat egiteko agintzen dio bere sukalde-laguntzaileari. Laguntzailea, haren aginduak jarraituz, sukaldatzen hasten da, baina nahiz eta bere pausu berberak jarraitu, amaierako produktua oso desberdina da”.
Egun berean, Aitzol Iraolak Hustu pieza egingo du. “Gorputz bat hutsaren bila dabil oihartzunez betetako espazio batean. Hustu bidaia bat da: mugimendutik sortzen dena, sorkuntza astintzen duena, interpretea bere buruarekin aurrez aurre jartzen duena”.

Hilaren 22an, Metrokoadroka Kolektiboak Artxibo Biluzia egingo du. Konferentzia performatiboa, dokumentu-antzerkia eta umorea uztartzen dituen pieza eszenikoa da. 23an, Mikele Urrozek Mendia lana eszenaratuko du. “Mendi oro jaiotzen da talka batetatik, elkarrengana poliki hurbiltzen diren bi plaken arteko kolpe motel eta bortitzetik. Biek suntsitzen dute bidean aurkitzen duten oro, gailur bat sortu arte. Bi indarren arteko topaketa katartikoa da. Maitasunaren antzeko zerbait. Honelakoa izan zen nirea, behintzat.”

Tripak kolektiboak Platea egingo du 24an, eta 25ean, Miñan pieza arrakastatsua oholtzaratuko da. Azkenik, 26an, Dejabu taldeak Itzulera pieza egingo du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button