IKUS-ENTZUN

“Aukera” programa, emakume zinemagile gazteei zuzenduta

(H)emen elkarteak antolatu du (Zineuskadik, ZINEBIk eta Kutxakulturrek sustatua), Aukera euskal emakume zinemagile gazteei zuzendutako mentoria-programa. 18 eta 35 urte bitarteko sortzaileei zuzendutako jarduera da, eta film labur bat egiten lagundu nahi die.

Programa horretan, guztira 66 emakumek eman dute izena, eta 26 proiektu, euskaraz zein gaztelaniaz, hainbat genero eta formatutakoak (fikzioa, animazioa, dokumentala, sorkuntza dokumentala, drama edo komedia) aurkeztu dira.  Nabarmendu behar da, izena eman duten 66 zinemagile horietatik % 74k 25 urte baino gutxiago dituela.

Hauek dira lehen edizio honetarako hautatutako bost proiektuak: Azkena, Ane Inés Landeta eta Lorea Lyonsena; Prioridades, Tamara Lucarini eta Ana Angulorena; Cuidado!, Olaia Nogales eta Llucia Plarena; Hemen bizi da maitasuna, Enara Garcia eta Ainhoa Olasorena, eta Pomo D’oro, Nerea Sciarra eta Allende Grandmontagnerena.

Aukeratutako bost taldeek gidoigintzan, zuzendaritzan eta ekoizpenean hautatutako proiektuekin parte hartuko dute, eta genero-ikuspegiari buruzko tailer bat ere jasoko dute. Gidoigintzako mentoria ekainaren 11tik 13ra izan da, Bilbon, eta Lara Izagirrek eta Ana Hormaetxeak eman dute; zuzendaritza-lanetakoa ekainaren 25etik 27ra izango da, Donostian, Maider Oleaga, Esti Urresola eta Olatz Beobideren eskutik; produkzioko mentoria, berriz, Izaskun Arandia eta Nahikari Ipiñak emango dute, uztailaren 9tik 11ra, Bilbon.

Programaren amaieran, aholkulariek bi proiektu aukeratuko dituzte, eta azaroan iragarriko dituzte ZINEBIko itxiera galan. Hautatutako lan bakoitzak 3.000 euroko Aukera saria jasoko du, film laburraren garapena bultzatzeko.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button