IKUS-ENTZUN

Koreako zinemaren panorama eklektikoa

Gaur hasita eta 30era bitartean, zinema ziklo berri bat izango da BilbaoArteko Art House Zinema ekimenean. Aste hauetan, Koreatik ekarritako filma sorta batez osatuko da egitaraua. Film guztiak jatorrizko bertsioan pantailaratuko dira eta azpitituluak eroango dituzte.

Seulgo Arte Garaikidearen Museoa eta BilbaoArte Fundazioaren arteko kolaboraziotik sortu da egitasmoa. Gainera, edizio bakoitzean euskal proiektu artistiko bat garatzen da Hego Koreako hiriburuan, eta proposamen plastiko korear batek gorputza hartzen du BilbaoArteko tailerretan.
BilbaoArteren arabera, “aurten, zinema korearraren panorama eklektiko eta paregabean barneratuko gara. Izan ere, zinematografia nazional batek kalitate eta emankortasuna erakusten badu, hau Hego Korearena da. Zinema aberatsa da formalki, estilo anitzekoa eta argumentu konplexuz betetakoa. Horrela, zinema garaikideko erreferente bilakatu da”.

Ever-en paradisuaren irudiak izeneko Korear zine zikloa gaur berton abiatuko da July Jung zuzendariak eginiko A girl at my door  (Dohee-ya) izeneko lanarekin; ekainaren 30ean, berriz pantailaratuko da lan hori.

Gaur eta bihar ere, Lee Jeong-Beom zuzendariaren No tears for the dead (U-neun nam-ja) ikusi ahalko da. Eta aste honetako azken saioa, barikuan izango da, Lee Su-Jin zuzendariaren Han Gong-Ju filmarekin.

Gainerako saioei buruzko informazio osatua BilbaoArten duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button