
Musika Bulegoaren eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren sustapenari esker, 2015eko Adi Gure Musikari, adi kanpainan, Euskal Herriko musikaren inguruan hogeita hamarren bat ekitaldi izango dira.
Solasaldi musikatuak, hitzaldiak, kontzertu didaktikoak, mahai-inguruak, tertuliak, prestakuntzazko eta jostetako musika-ekitaldiak, eta askoz ere jarduera gehiago programatu dira ekainaren amaierara bitartean, Adi Gure Musikari, adi kanpainan.
Hala, Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta musikariek Baga, biga, higa proiektua eskainiko dute, Oñatiko zineman egun hauetan. Euskal historiaren eta musikaren inguruko multimedia-hitzaldi bat da, musikaz eta kantuz lagundua. Hurrengoak, maiatzaren 20an egongo dira Bilboko Euskararen Etxean, eta 27an Oionen.
Euskal Herriko rock musikaren historiaz Eskoriatzan, Basaurin eta Gasteizen jardungo dira, besteak beste, Hesian eta Ritxi Aizpuru musikarien laguntzarekin. Folka ere izango da protagonista Donostian Korrontzirekin eta Ritxi Aizpururekin.
Xabi Aburruzagak, bestalde, trikitixaren gaineko solasaldi musikatuan hartuko du parte, Gernikako Lizeo Antzokian eta Lezoko Gezala Antzokian, maiatzaren 29an eta ekainaren 5ean, hurrenez hurren.
Ekainean, Jabier Muguruzak eta Amancay Gaztañagak Musikariekin solasean tertulian esku hartuko dute, Donostiako Victoria Eugenia aretoan, hilaren 15ean.