MUSIKA

Amaieratik hasi eta Ur Abisalak

Izaki gardenak taldeko musikaria den Jon Basaguren egon da gaur goizean Bilbon, non taldeak plazaratu duen azken lanaren aurkezpena egin duen: Amaieratik hasi.

Pasa den urteko bost kantuz osatutako ep gustagarri haren ostean, aurten argitaratuko du Izaki Gardenak taldeak bere lehendabiziko lan luzea. Aurrekoan bezala, pop estiloa, country-blues munduarekin batera ederki uztartuta, kantu alaiak, itxaropentsu eta borobilak josten ditu taldeak. Aro berrian jaiotako taldea izanik, bere adineko publikoaren antsiak eta ametsak jasotzen ditu abestietan.

 “Musika eta kantu itsaskorrak ziren joan den urtekoak, argitsuak,  eta olerki eta mezu zuzenen bidez arrastoa ireki nahi duen taldea da hau” esan du Anjel Valdes argitaletxeko kideak.

Aurrekoan bezala, pop musika da zabaltzen dutena, “baina denetarik dago, izan ere, kantu bakoitzak bere puntua du, eta hala, country, gitarra distortsionatuak, base erritmikorik gabekoak edota rocka topatuko ditu entzuleak  disko honetan. Hala eta guztiz ere, kantu denek badute osotasun bat.“ adierazi du Jon Basaguren kideak.

Tituluari erreferentzia eginez, “gauzak nola bukatu edota zer edo zer berri edo itxaropentsua lortzeko zerotik hasi behar da. Sentsazio hori izan nuen kantak idazten jarri nintzenean. Bizi ari garen aro triste eta gainbeheratsu hau, edota bizitza pertsonalean gertatzen zaizkigunak gertatuta, hasi egin behar dugu berriz; hortik dator lanaren titulua”.

“Urte betean moldaturiko kantak dira eta arazo handirik gabe sortu ditugu abesti guztiak. Batzuk aurreko lanean ez ziren sartu eta honetarako gorde ditugu, horrek esan nahi du  hari beretik segituko dugula” , erantsi du abeslariak.

Izaki gardenak taldearen barruan Jon Basaguren, Joseba B. Lenoir, Libe Garcia de Cortazar, Eneko Leza eta Iker Fernandez musikariak daude.

Lan berria entzun nahi baduzue, taldeak baditu itxita hainbat data. Urrian 18an, Anoetako Gaztetxean izango dira; 25ean, Atarrabian; 31n, Bartzelonan; Azaroaren 6an, Gasteizen; 8an, Bilbon, eta abenduan, Durangon, Lekunberrin eta Donostian joko dute.

The Icer Company

Gaur ere baina Donostian, The Icer Company taldeak Ur Abisalen Espedizioa deituriko lehen diskoa (Gor Diskak) aurkeztu du. The Icer Company taldean daude Rubén Matilla (Gitarra elektrikoa (Kerobia)), Xabier Valverde (Baxua (Potentor)), Arkaitz Ezkai (Bateria (Arima Sutan)) eta Icer (Abestiak, letrak, ahotsa eta gitarra akustikoa (Arima Sutan)).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button