LITERATURA

Angel Erro Bilboko Blas de Otero-Angela Figuera sarien XIV. edizioan irabazle

Bilboko Udalak XIV. Blas de Otero-Angela Figuera poesia-lehiaketako sariak, XXII. Miguel de Unamuno saiakera-lehiaketako sariak eta XXXVIII. Gabriel Aresti ipuin lehiaketako sariak banatu ditu.

2021eko aldi honetan, Blas de Otero-Angela Figuera poesia lehiaketan, euskarazko modalitatean Poema liburu bat irakurtzeko jarraibideak izan da irabazlea, Angel Errorena. Epaimahaiak haren tonu ironiko eta lasaia baloratu du, bizipoza transmititzen duena. Erromatar poeta klasikoen tonu eta generoen arabera idatzia ageri zaigu poesia, eta bizitzako atseginez dihardu, eta, haien artean, queer joeraz ere bai.
Gaztelaniako sailean Cuido una planta bella que ama y busca la sombra izeneko lana izan da, Ramon Cresporena. Bi poema-bilduma horiek 5.500 euro jasoko dituzte sari gisa.

Beste alde batetik, XXII. Miguel de Unamuno saiakera-lehiaketan, euskarako modalitatean, irabazlea Oskar Gaztelu larrabetzuarra izan da Heriotzari aurrez aurre begira lanarengatik. Saiakera honetan, epaimahaiaren ustean, “lanak, nahiz eta ez dauzkan programak eskatzen dituen ezaugarri guztiak, lagundu egiten du aurre egiten heriotzaren aurrean guztiok bizi izan dugun minari eta hutsuneari. Egileak heriotza sublimatzeko darabil testua, eta hori lagungarria izan daiteke irakurle askorentzat.” Gaztelaniaz, Jorge Fernandezen Espectropías saiakera izan da irabazlea. Irabazle bakoitzak 6.000 euro jasoko ditu.

Azkenik, Gabriel Aresti ipuin lehiaketaren kasuan, euskarako modalitatean, Karmele Mitxelena izan da irabazlea Begi urdinak lanarengatik. “Ipuin honetan, nabarmentzekoa da esaten denaren eta esaten ez denaren arteko oreka polita”. Gaztelaniaz, Belen Sevillano idazleak irabazi du Vuelo Nupcial izenburuarekin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button