ESZENA

Asteburu honetan “Altsasu” antzezlana ikusgai, Donostian

Altsasu antzezlana Donostiara helduko da asteburu honetan bi emanalditan: azaroaren 27an eta 28an, Gazteszenan, 19:00 hasita.

Altsasu Maria Goiricelayak zuzenduta, La Dramatica Errante kolektiboaren antzerki-proposamen berria da, Egoitz Sanchez, Aitor Borobia, Ane Pikaza eta Nagore Gonzalez aktoreek gorputzen dutena.

2016ko urriaren 15eko gauean istilu bat gertatu zen Altsasuko Koxka taberna parean, herriko hainbat bizilagun eta bi Guardia Zibil agente eta hauen bikotekideen artean. Emaitza, bi atxilotu eta hautsitako orkatila bat; tenientearena. Altsasu telebista plato bat bihurtu zen eta, kasua Estatu arazo bat.

Obraren helburuak “zaurien odoljarioa geldiarazten laguntzea eta orbainak agerian jartzen laguntzea eta problematikaren alderdi etiko, juridiko, filosofiko eta psikologikoak azpimarratzea dira. Justizia, haren kutsadura eta kodeen urraketa bezalako gaiak mahai gainean jartzen ditu, eta baita komunikabideen lana eta gizartean esanahiak finkatzeko edo gertakariak interpretatzeko orduan duten eragina ere.”

Dramaturgiari dagokionez, proposamen honen inspirazio-iturriak prozesu judiziala eta Momotxorroaren irudia (Altsasuko inauterietako pertsonaiarik esanguratsuenetako bat) dira.

La Dramatica Errante Ane Pikazak eta Maria Goiricelayak sorturiko zigilu artistikoa da, eta gai garrantzitsuak jorratzeko asmoz eratu dute, beti ere, antzerkia hausnarketa eta gizarte-hobekuntza sortzeko gaitasuna duen arte gisa bultzatzeko.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.