
Raquel Fernandez Santosek Espazioa paper gisa izenburuko eskultura-erakusketa paratu du Durangoko Arte eta Historia Museoan, ekainaren 14ra arte.
Planoetatik lerroetara eramaten ditu bere lanak Fernandez Santosek, eta azkenik, airera. Zenbait obretan, hain zuzen, bere lan ez-figuratiboan, edo geometrikoenean, Origami Japoniako paperezko artearen eraginak nabarmentzen dira.
Julián Franco arkitektoak hauxe idatzi du erakusketaren harira: “Raquel Fernández Santosek hemen aurkezten digun lanari, forman zein edukian askatasun sentimendu sakon bat dario. Barru barrutik irteten zaio eta ahalegin pertsonal handia erakutsiz, kanpora ateratzen du eskala zeharkatzen duten formaz eta irudiz, hutsunez eta betetako espazioz, astuntasunez eta ingrabitatez, itxaropenez eta zapalkuntzaz osaturiko sekuentzia bat sortuz, formatu txiki zein handian garatuz eta ikuslea erakartzen duten sentsazio ezberdinak eraikiaz”.