
Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren 48. edizioak makina bat ikuskizun ondu ditu, urrian eta azaroan ikusgai izango direnak. Haietako 10 Euskal Herriko konpainiek eginak izango dira, eta lau euskaraz.
Programazioan nazioarteko antzerki-lanek izango dute garrantzia, eta hala, 11 ikuskizun programatu dira nazioarteko antzerkigintzako zuzendari nagusien eskutik: Declan Donellan, Gabriel Calderón, Mario Pensotti, Cristina Morganti, Martha Graham Dance Company… Gasteizera ere Antzerki Klasikoko Konpainia Nazionala, Zentro Dramatiko Nazionala, Meridako Jaialdia eta dramaturgo entzutetsuak (Peris Mencheta, Andres Lima Iñaki Rikarte, Mario Gas, Pablo Messiez eta Natalia Menendez) etorriko dira.
Eta gorago aipatu dugun bezala, Euskal Herriko konpainia eta artista garrantzitsuen azken estreinaldiak ezagutzeko aukera egongo da: Vaiven Teatro, Hika Teatro, El Mono Habitado, Teatro Paraíso, Proyecto Larrua eta Arabako sorkuntza berriarekin beste hitzordu bat, Off Lokal. Eta nola ez, familientzako eta haurrentzako programazioaren barruan era askotako diziplina artistikoetako zortzi proposamen antolatu dira.
Jaialdiak eztabaidarako, prestakuntzarako eta sorkuntzarako guneak eskainiko ditu aurten ere. Aurtengo edizioan, talde artistikoekin egingo diren topaketak eta tokiko artistei zuzendutako [MASA] tailerrak izango dira.
Hori eta askoz gehiago Gasteizeko Nazioarteko Antzerki Jaialdian.



