ESZENA

Dantzaldia martxan da

Iragan asteburuan hasi zen Bilbon urtero egin ohi den Dantzaldia dantza jaialdia. Hala, martxoaren 29a bitarte makina bat dantza ikuskizun ikusi ahalko dira Bizkaiko hiriburuko hainbat aretotan. Emanaldiok askotarikoak izango dira, “esperientzia-piezak, omenaldi-piezak, pieza jostagarriak, ironiazko dokumentaleko piezak”.

Dantzaldiaren hurrengo hitzordua larunbatean izango da, hilak 11. Egun horretan  Rocio Molina dantzari eta koreografo malagarrak Vinática izeneko ikuskizuna egingo du Euskalduna Jauregian, 20:00etan. Dantzaldiak bidalitako oharrean irakur daitekeenez, “Vinática Rocio Molinaren erronka bat da. Bertan, bere buruari planteatu dio apur bat harago joatea eta urte askoan hartutako teknikaren deformazioaz lan egitea, bere lengoaiaz, azkenik, kontzientzia hartu nahian”.

Martxoari dagokionez, Biarritzeko Michel Theretek Je me souviens… Oroizen naiz…. Recuerdo…. ikuskizuna eskainiko du BBK aretoan Philippe Oyhamburu, Jean Nesprias, eta Koldo Zabalarekin batera. Laurak dantzari nagusiak dira eta euskal dantzan oinarritutako emanaldia egingo dute. Antzerkia eta dantza uztartzen dituen lan intimista da, keinu gutxikoa. “Dantzariaren gorputzaren zahartzearen gaia, gorputzaren memoriarena bezainbat, sorkuntza honen muinean kokatuko dira”.

Martxoaren 8an, halaber, Tolouse hiriko Dernière minute konpainiako Pierre Rigal koreografo, dantzari eta bideo-artistak Erection obra antzeztuko du Alondegiaren auditorioan. Behegainean etzanda dagoen gizon batek jarrera horizontaletik bertikalera igarotzearen historia kontatuko du ikuskizunean. Gizona, funanbulista baten erara ibiliko da.

Dantzaldiak aurrera egingo du martxoaren 29ra bitarte. Egitarau zabal eta oparo horren berri izateko, sartu Dantzaldiaren aretoaren webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button