ARTEA

Nire pintura ispilu bat izatea nahi dut

Gaur goizean, Bilboko Rekalde Aretoan, Idoia Montonen Zazpi leihoak-Las siete ventanas izeneko erakusketa aurkeztu dute Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Lorea Bilbaok eta Idoia Monton artistak. Eszena artistiko garaikideko euskal artista berezienetakoaren erakusketa ikusgai izango da datorren urteko otsailaren 27ra arte.

Idoia Montonek (Donostia, 1969) Zazpi Lehioak-Las Siete Ventanas erakusketan 1990etik gaur egun arte egindako 90 lan onenak bildu ditu, “nire margolari-bizitza apala dago hemen”. Bertan, margolanak, marrazkiak eta collageak ikus daitezke, 30 urtetan egindakoak, bilduma pribatuetakoak, Bilboko Arte Ederren Museokoak eta Artium, Vitoria-Gasteizko Euskal Arte Garaikidearen Museokoak.

“Bizitza leihoz josita dago. Leiho batetik begiratzen duzu eta mundu ezberdinak zabaltzen dira bertan, lurrean daudenak eta hodeiertzean daudenak. Era berean, mundu horrek leiho kopuru infinitua gordetzen du, izan ere, leiho batek bi mundu lotzen ditu, kanpokoa eta barrukoa, artistarena eta ikuslearena”. Hala, artistak behin eta berriz erabiltzen du leihoa bere ibilbidean.

Kasu honetan, erakusketak berak badu helburu bat: artistaren ibilbidea berrikustea eta bere lana egituratzen duten gakoak aurkeztea. Baina ez da kronologikoki antolatutako atzera begirako erakusketa bat,  ibilbideak gaikako, formazko eta testuinguruko hainbat nukleo biltzen ditu, titulu hauekin: Gela propioa, Gerra, Barna eta Begiak zabalik.

Artistak azaltzen duen bezala: “Nire lana bizitzeko erabiltzen ditudan espazioekin dudan loturatik elikatzen da, moldatzen naizen espazioekin. Gauzekiko harreman zuzenaren bidez, gure egunerokotasuneko gauzarik errazenak bezala uler ditzakegun gauzak, neure baitan bilatzen dut niri neuri interesatzen zaizkidan zirkunstantzia edo gertaerei buruzko galderak eginez. Nire lanak nire sentimendua azaleratzen du eta, bere balizko gaitasun eraldatzailearekin, errealitatean eragiten saiatzen da”.

Idoia Montonek lan artistikoa kontakizun gisa egiten du. “Nire pintura ispilu bat izatea nahi dut, non publikoa ere kontuan hartzen den; sartu eta bere bizitza islatuta aurkitzea da kontua”.

Erakusketarekin batera bitartekotza- eta didaktika-jarduera osagarriak garatuko dira, adibidez topaketak artistarekin, bisitak eta tailerrak familian. Jarduera guztiak doakoak dira eta ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea.

Bestelako jakingarriak Rekalde Aretoak dauzka.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button