
Formatu txikiko euskarazko antzerki lanen sorkuntzarako VII. Poltsiko Antzerkirako deialdia zabaldu da dagoeneko. Deialdiak duen helburua oso argia da: euskarazko sorkuntzak bultzatzea.
Kategoria bakarra eta orokorra izango da. Mota eta genero guztiak onartuko dira, baita diziplina artekoak ere. Aurkeztutako proiektuek Poltsiko Antzerki formaturako egokiak izan beharko dute, hau da taberna edota bestelako espazio txikietara egokitzeko modukoak izan beharko dute.
Proiektuak aurkezteko epea urriaren 14an amaituko da. Bi diru laguntza emango dira: irabazleak 4.000 euro jasoko ditu, eta finalistak, 3.200 euro.
Honez gain, sorkuntza proiektua gauzatzeko, kultur etxeek espazioak lagako dituzte abenduan zehar hautatutako obrak lantzeko. Lagapenen baldintzak eta egutegiak Donostia Kultura eta hautatuen artean adostuko dira.
Sorkuntza lanen 4 estreinaldi egingo dira Poltsiko Antzerkia jaialdiaren programazioaren barruan, 2017ko otsailaren 2tik 19ra bitartean.
Xehetasun guztiak hemen eskuratu ahal dituzue.



