BESTELAKOAK

Durangoko “Zilar Astea” abian da

Atzo aurkeztu zuten Durangoko Plateruenak urtean behin antolatu ohi duen Zilar Astea, aste tematiko kulturala. Aurten Bonbardaketaren Ibilaldi Kulturala lelopean aurkeztu dute, Durangoko Bonbardaketaren 75. urteurrena izango baitu ardatz. Ekimena gai jakin baten inguruan ontzen da, eta hainbat kultur diziplina jorratzen dira euskaraz eta herri-kulturgintzatik abiatuta.

Hala, bihar bertan bi ekitaldi izango dira: batetik,  Iñigo Aranbarri idazleak Bonbardaketak literaturan izeneko hitzaldia egingo du. Hasi Durangon eta Hiroshimatik iraganik, bonbardaketak eta hauek literaturan izan duten eragina aztertuko ditu, 10:00etan, Udal Liburutegian, Literatura Eskolaren baitan. Geroago, 13:30ean, Kantulagun taldeak gerrako abestiak abestuko ditu kalerik kale.

Asteartean, martxoak 27, Gerediaga Elkarteko Jon Irazabalek Guda Zibila Durangaldean 1936-1937 liburua aurkeztuko du 19:00etan, Santa Susanan.

Asteazkenean, halaber, ikasleentzat zenbait ekitaldi egingo dira: M31 bertsoen irakurketa dramatizatua eta 1937 gaur diziplina anitzeko abangoardia ikuskizuna. Orotara, 500 ikasle inguruk parte hartuko dute. 1937 gaur ikuskizuna, gainera, 20:00etan ere ikusi ahalko da Plateruenan. Gotzon Garaizabal, Peru Madalena, Paddy Rekalde, Ekaitz Aiarzaguena, eta Peio Salaberriak parte hartuko dute bertan.

Ostiralean, martxoak 30, antzerkia izango da Zilar Asteko protagonista. Hala, 20:00etan, Karrika Antzerki Taldeak Lurra astinduz obra taularatuko du San Agustinen.

Azkenik, larunbatean, martxoak 31, Ibilaldi kulturala Durangon izeneko irteera egingo dute 18:15ean Kurutziagatik hasita. Ekitaldian musika, antzerkia, dantza, ikus-entzunezkoak eta oroimenerako ekitaldia uztartuko dituzte.

Egitarau osoa Plateruenaren blogean jasotzen da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button