
Arte publikoa herritarrei hurbiltzeko xedez, asteburu honetan, BAI Intxaurrondo Topaketak izango dira. Hirugarren edizio honetan, tailerrak, ibilbideak eta performanceak antolatu dira eta Ana Esmith izango da artista gonbidatua.
Caradepan kultura-elkarteak antolatzen duen ekimena ekainaren 8an eta 9an egingo da Intxaurrondo Hegoaldean. Ekimenaren helburua da “arte publiko garaikidea herritarrei hurbiltzea, eta horrekin donostiarrak eta bisitariak estimulatu, konprometitu eta hunkitzea”. Topaketetan maila goreneko sortzaile garaikideak gonbidatuko dira, “tokiko ondare artistikoa osatzen duten obrak berrinterpreta ditzaten”.
Ana Esmith izango da aurtengo artista gonbidatua, Miss Beige pertsonaiaren paperean. Intxaurrondoko kaleetako lau eskultura-lan garrantzitsu izango dira BAI Topaketen gai nagusia: Hazteko Moduak, Koldobika Jauregirena, Ume-jolasak eta Siluetak, Agustin Ibarrolarenak, eta Monolitoa, Equipo 57 taldearena.
Egitarauaren barruan praktika artistikoek hartuko dute presentzia larunbatean, jende guztiarentzako hiru tailerrekin. Intxaurrondoko kultura etxean egingo dira tailerrak, Elena Scaratti, Natalia Cambronero eta Uxue Lasa artistekin. Natalia Cambronero diziplina anitzeko artista eta kuradore euskalduna da; Elena Scaratti, berriz, artista eta saiakeragile eklektiko eta diziplina anitzekoa da; eta Uxue Lasa artista getariarrak material eta teknika berriekin esperimentatzen du, eta denetarik manipulatzen du, kolorez eta freskotasunez betetako forma organikodun piezak sortzeko.
Ekainaren 9an, Igande Itzela ospatuko da. Auzoan zehar museo erako ibilbide bat egingo da, eta bezperan egindako herritarren berrinterpretazio artistikoak ezagutuko dira. Azkenik, igandean bertan egingo da BAI Topaketen amaierako jaia, 12:00etatik 18:00etara, Gabriel Celaya plazan.



