
Igor Elortzak, Rafa Ruedaren musikarekin, gidatutako Anonyme Popular ikus-entzunezko bertso egitasmoak agur esango du datozen egunotan. Gasteizeko Jimmy Jazz Aretoan izango da ikuskizunari agur esateko saio horietariko bat, maiatzaren 31n, 22:00etan. Hurrengoa ekainaren 1ean izango da, Baionan, Biltxoko elkartean, 19:00etan.Eta ekainaren 6an, Bilboko Kafe Antzokian antolatu da agurra, 21:30ean.
2021an hasi zen Elortza proiektua mamitzen eta 2022an egitasmoak ikusi zuen argia. Joan den urtean hasi ziren zuzeneko kontzertuak eskaintzen
Baina zer da Anonyme Popular? “Anonyme Popular edonor izan daiteke, eta aldi berean, norbait da. Igor da. Inor. Bere izenean eta besteren abizenean arituz, nitasun garaikide ertzdun bat dakar hitzetara Igor Elortza bertsolariak, gutartasun lanbrotsu baten erdian. Bere buruaz beste, besteon munduaz mintzatuz, ispilu deseroso eta maitekor baten aurrez kokatzen gaitu guztiok.
Hitzak jostari josiz jarri ditu bertsoak; noiz sakon, noiz arin. Norbanakoaz eta jendeaz ari da, maitasunaz eta desiraz, azaletik barrura eta kanpora garenaz, gizonez eta feminismoaz, euskaldunon iragan hurbilaz eta orainaldi urrunaz, eguneroko nahi eta ezinez. Garaiaz eta giroaz. Buruz beste bihotzez.”
Bertsoen hitzaren eta ahotsaren jarrera bereizgarri berekoak dira Rafa Ruedarekin landu dituen doinuak eta soinuak ere. Rapa, trapa, popa, funkya, mundurako erritmoak…
Orain, Anonyme Popular agur esatera doa.