ESZENA

Arte eszenikoen agenda ederra, Errenterian

Hil honetan makina bat proposamen eszenikorekin gozatzeko abagunea izango da Errenterian.  Bihar bertan, hilak 5, lehen hitzordua izango da Marie de Jongh konpainiak egingo duen Ikimilikiliklik antzezlanarekin.
Marie de Jongh konpainiako mundu eder eta magikoan murgiltzen den ikuskizun berria da Ikimilikiliklik antzezlana. Jokin Oregik eta Ana Meabek proposamen horren bidez gai bat tratatu nahi izan dute: beldurrak. Izan ere, “gure proiektuaren lehen protagonista sorginei sekulako beldurra zien baina, denborarekin, sorgin bihurtu den neskato/emakume bat da. Eta bigarren protagonista, berriz, hitza da. Marie de Jonghen ibilbidean ez dugu hitzik erabili. Betiere mutu jardun dugu. Oraingo honetan, ordea, istorioak hala eskatzen duelako, edo hobe esanda, kontatzeko modurik egokiena hitza erabiliz izango dela jakinik, hura baliatzea deliberatu dugu”.
Lana honetan datza: Ekhi, umetan, hamaika arrazoirengatik beldurtzen zen, baina baziren bi gauza guztien gainetik beldur izugarria eragiten ziotenak: norbait babesgabe dagoela ikusteak eta Sorginek, mendi tontor bateko etxola zaharkitu batean bizi ziren emakume bakarti eta maltzurrek. Ekhi, maite zuen armiarmatxoa salbatzeagatik, beldur ugari gainditzen joan zen. Hala kontatzen digu Ekhik berak, urteek aurrera egin ahala sorgin bihurtu den emakume edadetuak.
Hala, Ikimilikiliklik ikuskizunaren bidez publiko txiki eta helduarekin beldurraren inguruko hausnarketa bat egitea proposatu nahi dute taldekideok, tartean, Ana Meabe, Aiora Sedano, Juana Palacios, Leire Omeñaca eta Maitane Sarralde.

Hurren asteetako proposamenak honakoak dituzue: hilaren 12an, estreinaldi bat hartuko du Niessen Kulturguneak, 19:00etan. Aido Project dantza konpainiak En picado ikuskizuna eskainiko du; martxoaren 21ean, Mari Luz Estebanen Andrezaharraren manifestua liburuko poemak oholtzaratuko ditu Metrokoadroka taldeak; martxoaren 27an, Benetan Be konpainia bizkaitarrak Porno versus Afrodita euskarazko lana eramango du; eta 28an, Las XL taldeak Degenérate mucho pieza egingo du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button