MUSIKA

“Errobi Kantatuz” emanaldia egingo dute Aiherran

Errobiko musikari ohi Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk gidaturik,  makina bat musikari eta abeslari arituko dira larunbatean, Aiherrako elizan, 20:30etik aurrera, euskal rock talde aitzindari horren kantuak gogoratzeko izenburupean.

Iaz hasi ziren Errobi Kantatuz ikuskizuna egiten; Alduden, Senperen eta Ortzaizen aurkeztu zuten, hain zuzen. Bada, emanaldiotan jasotako harrera onaren ondorioz, berriro egitea erabaki dute, larunbatean, Aiherran.

Duhalde eta Ducaurekin hauexek izango dira oholtzan: Kantiruki, Izarrak, Lauburu, Bankarrak, Mindegi, Artxeruak, Astezkenekoak, Lairatxoak, Guy Saldubéhère & Amaia Hirigaray, Aurélie Etchepare & Mattin Lerissa, Jakes Ezponda & Jon Itzaina, Juliette & Pauline, Xendarineko ahizpak, Aire Ahizpak, Maddi Zubeldia, Mathilde Etchebarren, Kattalin Indaburu, Amaia Riouspeyrous, Maitena Monaco, Magali Zubillaga, Maitena Goicoechea eta Bixente Etchegaray. Horiez gainera, ondoko musikariak arituko dira: Nicolas Vielle, Sébastien Desgrans, Nicolas Armendariz, Thomas Saez eta Paul Vernheres.

Errobi taldea Ducauk eta Duhaldek eratu zuten, 1973 urtean. Euskal rockaren aitzindari, folka, progresiboa eta psikodelia uztartzen zituzten; bost disko grabatu zituzten, horien artean, Ametsaren bidea (Xoxoa, 1979) azpimarragarriena. Wikipedian jasotzen denez, “Euskal Herrian egin den disko progresistarik onena”. Errobik eragindako olatua hartu zuten funtsezko beste izen batzuk: Itoiz, Izukaitz eta Haizea, besteak beste.

Informazio gehiago: eke.eus.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button