Nontzeberri

Nafarroako bertsolaritza ikergai

Euskararen Nafarroako Institutuak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak hitzarmen bat sinatu dute bereziki Nafarroako bertsolaritzan oinarritutako ikerketa lan bat egiteko.

Bertako eragileek adierazi duten moduan, “gogoan hartu behar da Nafarroako Gobernuak, 2018. urtean, Kultur Intereseko Ondasun izendatu zuela bertsolaritza, Nafarroako kantu inprobisatuaren adierazpiderik nabarmenentzat aitortuz eta zaindu eta transmititu beharreko ondare materiagabetzat hartuz. Orain sinatutako hitzarmen honek bultzada berri bat emango dio helburu horri, bertsolaritzak eragiten duen ondarea jasotzeko eta ondare hori biharko belaunaldi zein ikertzaileen esku uzteko”.

Nafarroako Bertsozale Elkarteak beti izan da bertsolaritza ikergai, eta urteetan bertsolaritzak lurraldean eragindako ondarea biltzeko eta dokumentatzeko lana hartu du. Urteko saio guztiak dokumentatu egiten ditu, bai eta horren inguruan loturik dauden pertsona ororen biografiak ere.
Lan horretan ere Xenpelar Dokumentazio Zentroa aritzen da; berak  bertsolaritzaren ondarea bildu, antolatu eta gizarteratzen du bertsolaritza belaunaldiz belaunaldi transmititu dadin.

Beste aldetik, Euskarabidearen zereginen artean, “euskara bizitza sozialeko esparruetan agertu eta erabiltzeko informazio eta sentsibilizazio programak gauzatzea eta helburu hori bera duten entitate publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzea da; eta hitzarmenak bete-betetan jotzen du bere asmoekin.”

Exit mobile version