
EHAZE-Antzerkizale elkarteak antzerkiari loturiko bi liburu plazaratu berri ditu, teatro testugintza eta dramaturgiak batetik, eta saiakera bat bestetik. Lehenengo bi liburu horiek aurkezteko bi zita egongo dira.
Gaur berton, Donostiako Tabakalerako Kutxa Espazioko Plazan, 18:30ean Arrastoak lanari buruzko solasaldia egingo da parte hartzaile hauekin: Ainara Gurrutxaga (Dejabu, liburuaren egilea), Agus Perez (liburuaren edizioan parte hartzaile) eta Oier Guillan (EHAZE). Solasaldian zehar Dejabuko kideek liburuko pasarteak irakurriko dituzte.
“Liburu honek beste era bateko teatro-idazketa du aldarri, hitzekin batera eta aldi barean hitzetatik harago ematen dena, pertsonaiek aireratzen dituzten berbak ez ezik esan gabe geratu diren gauzak jasotzeko moduan egina”.
Beste aldetik, apirilaren 4an, 18:30ean, Arestiren Nazioa, Antzerkia obra aurkeztuko dute beste solasaldi baten bidez. Bertan Karlos del Olmo (liburuaren egilea) eta Jaime Valverde (EHAZE) bilduko dira. Ondoren Mikel Martinezek Gabriel Arestiren Euskal Teatro berri baten beharra hitzaldia dramatizatuko du.
Bigarren iburu horren hitzaurrean, Gabriel Arestiren literatura dramatikoaren eta idazlearen jarrera soziopolitikoen arteko loturak topatu eta aztertu nahi dira “metafora halako bat eginda: zelan edo halan, amesturiko nazioa antzerkiaren bitartez irudikatzen eta antzeztokira eramaten saiatu zela Aresti. Bestela esanda, Arestik aldarrikatzen zituen gizartea, nazioa, hizkuntza eta kultura, nonbait, idazlearen idazketa dramatikoan mamituta agertzen direla erakustea da liburuaren helburuetako bat”.