MUSIKA

Arrasateko “Kooltur ostegunak” urrian egingo dira

Arrasateko gaztetxeak Kooltur ostegunak musika-zikloaren edizio berri bat hartuko du urrian. Guztira, bost hitzordu izango dira, eta askotariko kontzertuak bilduko ditu: funk, punk-rock, hip-hop…

Urriaren 1ean izango da Kooltur ostegunak egitarauaren lehendabiziko zita. Egun horretan, Bilboko Priscilla Band funk bandak joko du. Bizkaitarrek aurten plazaratutako Xalala Kale diskoa aurkeztuko dute. Espainiako Radio 3 irratiko Jesus Bombin kazetariaren aburuz, “Xalala Kale-k marmitako perfektua osatzen duten bederatzi kantu jasotzen ditu, James Brown-en eta Bobby Bird-en esentziarekin prestatuak. (…) Urakana ez dadila geldi”.

Urriaren 8an, berriz, Donostiako Señor No punk-and-roll taldeak joko du. Laukoteak oraintsu argitaratu berri duen singlea aurkeztuko du.
Diskoak bi rock kantu sendo biltzen ditu, A Veces no eta Como una pompa de jabón. Biak ala biak tempo ertaineko doinu sakonak dira. Lehenengoan, wha-wha efektudun gitarrak nabarmentzen dira, eta bigarrenean, aldiz, rock klasikoagoaren eraginak nabarmentzen dira, kantu luzea da, bost minutu ingurukoa.

Urriaren 15ean, Midnight Scavengers talde australiarrak joko du, Nick Cave & The Bad Seeds-en gisako giroetan jarduten duen banda da; urriaren 22an, Porco Bravo talde bizkaitarraren rock gihartsua entzungo da; eta, azkenik, urriaren 29an, Tolosako Glaukoma eta Bad Sound arituko dira elkarrekin, rap, reggae eta bestelako erritmo beroak uztartuz.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button