IKUS-ENTZUN

Garunaren eskuineko hemisferioa pizteko zinea

Gasteizko Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak Garunaren eskuineko hemisferiotik izeneko zine zikloa abiatuko du gaur Les plages d´Agnès (Agnès Varda, Frantzia,2008) filmaren proiekzioa dela medio.

Zikloak martxoaren 25era bitarte iraungo du, eta “garunaren eskuineko hemisferioa pizten laguntzen diguten norbanakoaren eta taldearen nortasunaz, konpromisoaz eta gertakizun bakunen transzendentziaz mintzo den zinema mota bat egiten duten zinemagileen pelikula eta film laburren sorta eskainiko du”, Artiumek bidali duen oharrean jasotzen denez. Garbiñe Ortega da zikloaren komisarioa.

Hala, gaur ikusi ahalko den Les Plages d´Agnès filma Agnès Varda Nouvelle vague zine mugimenduaren ordezkari eta zine feministaren aitzindariaren film autobiografikoa da. Pelikulak zuzendariaren haurtzaroko lekuetara eramango du ikus-entzulea. Horretaz gainera, gustuko dituen film, argazki eta erakusketen zatiak ere ikusi ahalko dira. Emanaldia 19:30ean hasiko da.

Asteburu honetan, halaber, Garunaren eskuineko hemisferiotik zikloaren beste bi film proiektatuko dituzte: bihar, Alamar (Pedro González Rubio, Mexiko,2009) eta etzi, berriz, True love (Ion de Sosa, Mexiko, 2010). Lehenengoak Natan-en istorioa kontatzen du, italomexikarra den haur bat, bere gurasoen banaketa ondoren amarekin Romara bizitzera joango dena; bigarrenak, aldiz, Ion de Sosa zuzendariaren eguneroko bizitza kontatzen du Berlinen. Ionen egunerokotasuna, baina, irauli egingo da Marta bikotekideak uzten duenean. Zuzendariak, orduan, bikotekideak bere egunerokotasunean utzitako hutsunea filmatuko du.

Honatx zikloaren baitan izango diren gainontzeko filmak: martxoaren 23an, Verano de Goliat (Nicolás Pereda. Mexiko. 2010); 24an, El lugar más pequeño (Tatiana Huezo. Mexiko-El Salvador. 2011), eta 25ean, Film laburren saioa. John Prize, Naomi Uman, Jeff Scher eta Laboratorium.

Zikloaren gaineko xehetasun guztiak Artiumen webgunean daude.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button