MUSIKA

Arizona Baby Donostian; ON, berriz, Munitibarren

Espainiako Valladolid hiriko Arizona Babay country-rock taldeak kontzertua egingo du Donostiako Doka Kafe Antzokian gaur, urtarrilak 11, 21:00etan. Espainiarrek The truth, the whole truth and nothing but truth izenburuko lan berria aurkeztuko dute, Los Coronas-eko taldekideekin abiaturiko Corizonas egitasmo arrakastatsua alde batera utzi ondoren.

Bihar, urtarrilak 12, halaber, Bizardunak banda nafarrak Ur ederra kirats infinituan izenburuko disko berrian bilduriko doinuak joko ditu Gipuzkoako hiriburuko areto berean, 21:00etan. Musikari nafarrek taldeari atxiki ohi zaion irudi parranda zalea gainetik kendu nahi izan dute musikalki landuago den disko bat argitaratuz. Horretarako, ohiko folk akustikoari rock gitarren energia gehitu diote.

ON taldea Munitibarreko gaztetxean

Bestalde, Itsaso Gutierrez Retolaza (Jauko Barik, Keike, Xarma) abeslari eta gitarra jotzaile donostiarrak gidaturiko ON hirukoteak estreinako lana aurkeztuko du gaur 21:30ean Munitibarreko Gaztetxean. Hardcore malenkoniatsuaren esparru amorratuan mugitzen da taldea, melodiei eta hard rock estiloko tarteei tokia utziz. Itsasoren gitarra melodiko, zikin eta urratuak Hüsker Dü, Leatherface eta antzeko punk sustraidun talde melodia zaleen oihartzunak zabaltzen ditu.
Hirukotearekin batera, Enkarterrietako Hil Aiari hardcore bandak eta Spain Tortures punk taldeak joko dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button