
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako XV. Miguel de Unamuno Saiakera eta VII. Blas de Otero Poesia Lehiaketako sariak joan den barikuan banatu ziren.
Miguel de Unamuno Saiakeraren XV. edizioko euskarazko epaimahaia osatu dutenak hauek izan dira: Ana Toledo, Iratxe Aristegi eta Álvaro Rabelli. Saria Jurgi Kintanaren Azkue bilbotar ezezaguna saiakerari eman diote. Jurgi Kintanak (Bilbo, 1975) 13 artikulu idatzi ditu aldizkari espezializatuetan eta hiru liburu ere bai: Judu herriaren ibilbide luzea, Vizcaytik bizkaira eta Intelektuala nazioa eraikitzen, azken bi hauek R.M. Azkue euskaltzainaren obrari eta ondareari buruzkoak. Edizio honetara gaztelaniazko 93 lan aurkeztu dira eta euskarazko 7; inoizkorik gehien.
Bestalde, Raúl Ortegaren El caballo no tiene zapatos poema-bilduma eta Aintzane Galardiren Mendafin usaineko iluntzeak lana izan dira lehenengo saria irabazi dutenak Blas de Otero Poesia Lehiaketaren VII. edizioan.
Miren Agur Meabe, Jon Kortazar eta Juan Kruz Igerabidek osatu dute euskarazko epaimahaia. Adierazi dutenez, Mendafin usaineko iluntzeak poema-bilduman, Marokon zehar egindako bidaia kontatzen da giro sentsoriala eta sentsuala sortuz. Aintzane Galardi (Oiartzun, 1969) Euskal Filologian eta Kultur Baliabideen Kudeaketan lizentziatua da eta irakasle dihardu Nafarroan. Euskarazko poesia-liburu bi argitaratu ditu: Itoti urdinaren azpian (2005) eta Zirrikituak (2007).