
Estatuko Mondo Sonoro argitalpenak urtero antolatu ohi dituen talde berrientzako Fiestas Demoscópicas izeneko emanaldien baitan, Albert Cavalier eta Leun taldeek joko dute bihar Donostiako Dabadaban, 20:30etik aurrera.
Albert Cavalier Donostiako laukote gazte eta lotsagabea da, eta garage-punk gordina jotzen du. Gipuzkoarrak Rolling Stones-en bertsioak eta 60ko eta 70eko kantuak jotzen hasi ziren lokalean, baina gero, soinu-eremu ilunagoetan murgildu ziren: psikodelia, garage-rock, surfa… The Oh Sees, Black Lips edo Palma Violets taldeen jarraitzaileak dira. Wasted and stoned single berrian bildutako kantuak aurkeztuko dituzte. Single hori Rockein! lehiaketako irabazi izanagatik lortutako sariaren emaitza da.
Gipuzkoarrekin batera, Leun bizkaitarrak izango dira. Gaztea Maketa Lehiaketa irabazi dute, bai eta Mundaka Festival jaialdiaren lehiaketa ere. Azken horretan lortutako sariari esker lan berria grabatuko dute laster.
Bilbora ere iritsiko dira Fiestas Demoscópicas: martxoaren 12an, Satelite T aretoan, Cavaliere rock hirukote bilbotarrak eta New Pull after-punk hirukote madrildarrak joko dute, 13:00etatik aurrera.
Informazio gehiago: mondosonoro.com.