ARTEA

Azken egunak “Urritu” erakusketa ikusteko, Azkuna Zentroan

Urtarrilaren 7ra arte ikusi ahalko da Urritu, Bene Bergado artistaren erakusketa Azkuna Zentroan. Erakusketak 34.000 bisitari baino gehiago izan ditu.

Urritu Azkuna Zentroko Erakusketa Aretoarentzat egindako erakusketa-proiektu espezifikoa da, eta bertan alderdi biografikoak eta ideologikoak uztartzen dira. Bertan, gure gizarte garatuen produkzioaren eta kontsumoaren hazkunde esponentzial eta mugagabearen aurrean, murriztea proposatzen du artistak. Izan ere bere aburuz, “desazkundea saihestezina izango da, aukera gisa edo ezinbestez datorkigun kolapsoaren ondorioz”.

Erakusketa bideoz, instalazioez, Bene Bergadoren ibilbide artistikoko obraz, materialez, dokumentazioz eta erakusketa hau egiteko prozesuarekin zerikusia duten elementuez osatuta dago. Bertako instalazioek eta eskulturek “desazelerazio baten beharrarekin dihardute, mugaren kontzientziaren bidez, energia gutxiko eta ezinbesteko bizi-aldaketez beteriko etorkizun hurbilera egokitzeko.”

Urritu ez da erakusketa honetako edukia edo gaia soilik; esperientzia artistikoaren berezko konpromisoa ere bada, eta obrak “mundua irudikatzeaz gain, munduan jarduteko modu berezi bat ere badira, bizitzarekiko erantzukizun eta arreta modu bat adierazten dute, konkretuarekiko, errealarekiko sendotzeko eta zaintzeko modu bat. Alde horretatik, erakusketa-proiektu hau artelanek beren baitan hartzen duten esperientzia artistikoaren ezaugarri diren eusteari eta erantzunkidetasunari buruzko aipamena da.”

Eskultoreak honako hau ere adierazi du: “Hazkunde ekonomiko etengabe eta mugagabean oinarritutako kapitalismoaren logikaren aurrean, gizateriak ezagutu duen energia boteretsuenak elikatua, petrolioa, planeta baliabideen hornitzaile hutsa bihurtu da, eta dagoeneko ez da gai gure kontsumoaren abiadura neurrigabean birsortzeko”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button