ARTEA

Emmet Gowin, intimitatearen argazkilaria

Rekalde Aretoak Emmet Gowinen atzera begirako erakusketa berria aurkeztu zuen atzo. Argazkilaritza garaikideko azken berrogei urteetan eraginik handien izan duen argazkilaria da Gowin.

Ipar Amerikako argazkilari honen ibilbidean funtsezkoak diren 200 irudi inguru bildu ditu Rekalde aretoak. Ibilbide luzean harrapaturiko lanak dira guztiak, hasierako garaikoak, pertsonalagoak eta barrukoagoak direnak, ekitaldi honetarako berariaz sortu dituenak,…. Denak irudi sentikorrak, bereziak, indartsuak eta era berean lasaitasuna luzatzen dutenak.

Argazkilari honek mila erretratu egin dizkio Edith emazteari. Gowinek berak dioenez, Edith izan da bere musa, emaztearengan aurkitu baitzituen naturaltasun pertsonalaren ezaugarririk oinarrizkoenak.

Hasierako urteetatik gaurko urteetara, emaztearen aurpegia agertzen da irudi askotan, gaztetasunetik zahartzarorako bidean, beti eder, beti erakargarri. Emmet Gowinek ere naturaren eta paisaien deia sentitu du inoiz eta argazkietan ikusten dira paisaia horiek, batzuetan gizakiak berak eraldaturik. Irudi asko ere airetik harturik izan dira. Eta intsektuek betidanik sortu dioten lilura islatu du Gowinek bere artelanetan ere.

Emmet Gowinen (Danville, Virginia, 1941) bilaketa artistikoan, eragin nabaria izan zuten bere hezkuntzak eta biografiak. Oso etxe fededun batean sortu zen. Txikitatik egin zuen bat bere amaren izaera txeratsuak eta errukiorrak jainkotasunari buruz zuen ikuspegiarekin. Kuakeroen leinu baten ondorengoa zen ama, artzain metodista zen bere aitak zuen izaera autoritario eta zorrotzaren ifrentzua.

Beste aldetik, Robert Frank, Henri Cartier-Bresson, Eugène Atget, Walker Evans eta Harry Callahan bezalako izen ospetsuen mireslea izan da; azken hau izan zuen maisu eta hezitzaile. Gaur egun, Gowinek leku nabarmena betetzen du XX. mendeko bigarren zatiko argazkilaritzaren historian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button