LITERATURA

Literatura Unibertsala sailean lan berri bi

Igela eta Ereinen eskutik Literatura Unibertsala saila potoloago dugu, bi lan berri argitaratu baitituzte: Karel Capek idazlearen Arrabioen gerra (Koro Navarro itzultzailea izan da) eta Ahmadou Kourouma idazlearen Independentzien eguzkiak (Aiora Jaka itzultzailea izan da).

Arrabioen gerra zientzia fikzioko klasiko handi bat da. Bigarren Mundu Gerraren bezperan idatzia da, Txekoslovakian, eta, liburuaren ezaugarri nagusietako bat den umoreagatik ere, agerikoa da hondamenaren itzala.
“Arrabioak itsusiak dira, baina ausartak eta langile amorratuak, eta itsasertzetako txokoetan bizi dira, marrazoetatik babesean. Van Toch kapitainak aurkitu zituen Indonesiako uharte urrun batean eta liluratuta geratu zen. Baina gure musker xarmagarriak, gizakiaren esklabo bihurtuta, matxinatu egin dira. Izan ere, aurrera eginez beti, ikaragarri ugaldu eta zabaldu dira, inperialismoa eta nazionalismoa ezagutu dituzte, gero eta zati gehiago kentzen diote Lurrari: gizakia menderatuko ote dute? Imitatuko ote dute beren burua suntsitzeko bulkadan ere?

Bigarren lanaz hauxe zioen idazleak berak: “Erritmo narratibo afrikarrera egokitzen dut hizkuntza […]. Liburu hau afrikarrei zuzentzen zaie. Malinkeraz pentsatu nuen eta frantsesez idatzi, naturaltzat jotzen dudan askatasun bat hartuz hizkuntza klasikoarekiko […]. Zer egin nuen? Besterik gabe, nire izaera askatu, nire pentsamendua adierazteko zurrunegia zitzaidan hizkuntza klasiko bat itxuraldatuz. Beraz, malinkera frantsesera itzuli nuen, hizkuntza frantsesa hautsiz erritmo afrikarra berraurkitzeko eta berreraikitzeko. Estilo malinke bat sortzen ahalegindu nintzen. Malinkeraz hausnartzen nuen, eta saiatzen nintzen aurkezten nola hautematen zuen malinke batek gertaera jakin bat, nola agertzen zitzaion bere gogoan. Malinkeraz pentsatzen nuen, eta kontua zen gero malinkeraz egindako arrazoiketa intelektual hori berritzultzea, transmititzea”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button