BERTSOTAN

Ostiralean Izeta sariketako finala Elizondon

Mariano Izeta sariketako VI. edizioko kanporaketa guztiak joan den ostiralean egin ziren. Arribe-Atallun Alazne Untxalok eta Maddalen Lopezek lortu zuten finalerako sailkatzea. Iruñeako saioan, Saioa Alkaiza eta Oier Amianok lortu zuten finalerako txartela. Azkenik, Arbizkuko Argibide elkartean egindako kanporaketan Kotte Plaza eta Ioar Tainta sailkatu ziren finalerako.

Hortaz, ostiralean Elizondoko Baztango Errugbi Taldeko elkartean jokatuko den Izeta sariketako finalean Alazne Untxalo (Ituren), Maddalen Lopez (Lesaka), Saioa Alkaiza (Antsoain), Oier Amiano (Elizondo), Kotte Plaza (Irurita) eta Ioar Tainta (Lesaka) bilduko dira.
Saioa mahai bueltan egingo da, afal ostean. 21:00etan izango da afaria eta 22:00etan saioa.

Izeta sariketa 2004. urtean egin zen lehen aldiz, eta aurten seigarren edizioa jokatuko da. Elizondoko Jon Barberena, Iruñeko Oier Lakuntza, Gartzaingo Jon Elizetxe, Iruritako Iñaki Aleman eta Aurizko Aimar Karrika izan dira Izeta sariketa orain arte irabazi dutenak. Nafarroako Bertsozale Elkarteak urtero antolatzen dituen ekimenen artean txandakatzen diren Izeta sariketa eta Xalto sariketa daude. Horien helburu nagusia Nafarroako bertsolari gazte edo hasiberriei kantatzeko aukera ematea da.

Sariketa honek Mariano Izeta zenaren izena hartzen du. Horrela, herri kultura eta bereziki bertsolaritzaren alde egindako lan handia eskertu nahi dizkio Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button