ARTEA

“BALA” arte-liburuei buruzko azoka egingo dute Bilbon

Banizu Nizuke Kultur Antolakuntza eta Difusio Elkarteak BALA arte-liburuei buruzko azoka ondu du Bilboko Zazpi Kaleetan dagoen Victor Kalean, abenduaren 12, 13, 14 eta 15ean, Eusko Jaurlaritzaren eta Grafilur inprentaren babesarekin, eta Nontzeberri webgunearen laguntzarekin.

Bertan, ohikoak ez diren argitalpenak bilduko dira, hala nola, liburu autoekoitziak, artisten katalogoak, argazki-liburuak, ilustrazioak, arlo grafikoa eta fanzineak. Horretarako, argitaletxeek, liburu-denda espezializatuek eta argitalpen autoekoitziek parte hartuko dute, hitzaldi, aurkezpen eta tailerretan.

Egitarauari dagokionez, abenduaren 12an, Juan Barbék paper-tailerra egingo du, 11:00etan; Papel Japonés izeneko dokumentala ere proiektatuko da. Egun horretan, gainera, lau proiektu aurkeztuko dira eta liburu-denda espezializatuen inguruko mahai-ingurua ere izango da.

Bigarren egunean, abenduak 13, artisau-koadernaketari buruzko tailerra egingo du Paperontziako kide Felix Aranburuk, 11:00etan; egun horretan ere hiru egitasmo aurkeztuko dira, eta hitzaldia inprenta espezializatuaren gainekoa izango da. Hitzaldia Grafilu inprentako Dani Rodriguezek zuzenduko du.

Larunbateko tailerra, 11:00etan, liburua izango du ardatza eta Ainara Bezanillak (Mundanalrüido) zuzenduko du. Ohiko proiektuen aurkezpenez gain, banaketa alternatiboaren gaineko hitzaldia ere izango da; hizlariak Fabio de la flor (Delirio argitaletxea) eta Gari (Belleza infinita) izango dira.

Azken egunean, igandea, haurrentzako tailerra izango da; tailer hori ere Ainara Bezanillak gidatuko du, eta arratsaldeko mahai-inguruan, berriz, azokako jardunaldietan jorratutako gaiei buruzko ondorioak jorratuko dira.

Informazio guztia: banizunizuke.com/bala.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button