EZLEKUBAT

Lara Izagirre: “Ederrena, filmea imajinatzea”

Lara Izagirre (1985) film zuzendari gaztea da. Uda ostean “Un otoño sin Berlín” izeneko film luzea hasiko da grabatzen. Aurretiaz baina, honako lanak zuzendu ditu: Larroxa, Kea, Sormenaren bide ezkutuak, Nex Stop: Greenland. Bere film luze berri hori zertan den jakiteko berarekin egon gara.

“Un otoño sin Berlín” izenburu esanguratsu horren atzean zer istorio ezkutatzen da?

Zaila da niretzat azaltzea. Mundua ikusi eta elkar ulertzeko modu bat da Un Otoño sin Berlín. Maitasun istorio bat. Maite duzun hori benetan ezagutzeaz eta deskubritzeaz ari da. Batzuetan maite duzun pertsona benetan deskubritzeak bion arteko maitasuna ezinezkoa dela erakusten digu. Beste batzuetan kontrakoa. Bikote baten elkar deskubritzeaz ari da.

Nondik dator gidoiaren ideia?

Duela urte batzuk, bakoitza den modukoa dela ulertu nuen eta hori errespetatzen ikasi nuen. Pertsona bat maitatzeak ez digu pertsona hori aldatzeko eskubiderik ematen, nahiz eta asko maitatu. Lelokeria ematen duen arren, oso garrantzitsua izan zen nire bizitan hau ikastea eta filmearen ardatza ikasketa hortatik datorrela pentsatzen dut.

Zer suposatzen du zuretzat lehengo luzemetraia egiteak?

Nire bizitzako ametsa egi bihurtuko dela. Hainbeste urtetako lanak merezi izan duela. Nahi dudana kontatu eta nahi dudan moduan erakusteko aukera izango dudala. Ikaragarria da, zentzu positibo eta negatiboan. Zinemagile gazte gutxi daude nire egoeran eta oso eskertuta sentitzen naiz filmea egiteko aukera izateagatik.

Orain arte egindako lanaren jarraipen naturala al da? Aurrerapausoa bezala ikusten duzu edo film laburren eta dokumentalen mailan ulertu beharreko proiektua da?

Nire kasuan, aurrerapausoa da. Laburmetrai eta dokumentalak, talde txiki batekin grabatu ditut. Denbora askoz gutxiago behar da laburmetrai bat egiteko. Luzemetrai baten ardura artistikoa izatea, ez da gutxi! Prozesu osoa, urteetako lana izango da, gidoia 2011an idatzi nuen eta dena ondo badoa, filmea 2016an estreinatuko da. Ardura ere mila aldiz handiagoa da, erabaki asko hartu behar ditut eta ez bada ondo irtetzen, ni izango naiz arduraduna. Baina, oso ondo irtetzen bada eta hala izango da, jeje! Lan erraldoi hau ondo amaitu izanaren plazera eta poztasuna deskribaezinak izango dira.

Nola finantziatu duzu zure egitasmoa gaur egungo egoera kontuan hartuta? Nolakoa da ekoizpen lana?

Gariza Produkzioak ekoiztetxeak eramango du proiektua aurrera, kolaborazio desberdinekin. Baditugu kolaboratzaileak, baina oraindik ez da ofiziala eta pixkat itxaron beharko duzue.

Ekoizpen lana oso gogorra da: Gorka, Iñaki, Antonia eta Loreto topera dabiltza dena prestatzen. Pelikula aurreko prestaketa da guretzat garrantzitsuena eta egunero lan asko egiten dugun arren, amaitezina dela ematen du.

Badakigu aste hauetan casting lanetan zabiltzatela… aktoreen aukeraketa (Tamar Novas, Irene Escolar…) nolakoa izan da? Istorioak jatorriz aurpegi zehatzak zituen edo geroxeago egindako lana izan da castingarena?

Oso intuitiboa izan da aukeraketa lana, castinga umetxoa aukeratzeko bakarrik egin dut. Irene eta Tamarren lana ezagutzen nuen. Gidoia irakurri zuten eta pertsonaietaz maitemindu ziren. Oso erraza. Umearen kasuan, ehun umetik gora ikusi ditugu eta bat aukeratu dugu. Ume aktore bat aurkitzea askoz zailagoa da.

Urrian hasiko dira filmaren grabazioak, zenbateko iraupena edukiko du film osoa egin arte?

Grabaketa zazpi astetan burutuko dugu eta filmea estreinatu arte beste urtetxo bat igaroko da.

Filmatzen hasi baino lehen emaitza nolakoa izango den imajinatzen al duzu? Edo grabaketaren prozesuan jatorrizko ideiak erabat aldatzen al dira.

Oso argi ikusten dut filmea nire buruan, hori da gure lanaren gauzarik ederrena, filmea behin eta berriz imajinatzea. Grabaketan, nik imajinatutakoa hobetzea da helburua.

Jatorrizko ideia ez da erabat aldatzen, detaileak, esaldiak aldatu daitezke, baina nire kasuan behintzat jatorrizko ideia da bere horretan mantendu behar dena.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button