LITERATURA

Antton Lukuren “Libertitzeaz” liburua kalean

Atzo, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan, Antton Lukuren Libertitzeaz liburuaren aurkezpena burutu zen. Bertan, Antton Luku egilean eta Jose Angel Irigaray  Pamielako kidea izan ziren.

Pamiela argitaletxeak bidalitako oharrean, liburuaren nondik norakoak irakurri ahal izan ditugu: “Garaztar guztien memorian Libertimendu ematera ateratzen ziren bolantak, inauterikari betidanik. Izen horrek libertitzea erran nahi du, jolastea, eta libertimenduak gure adimenean jostatze ausagailuarekin egiten du oihartzun. Lekukotasun zaharrek, ahozko zein idatziek, forma biziki ezberdinak azaleratzen dituzte: bolantak ez zebiltzan plazan bakarrik. Dudak dagozkigu, bizkitartean, eragileei buruz; rol ezberdinen arteko hierarkiak ez dira emanak, baina bolanta iturri guztietan dantzari ikusten badugu ere, pertsonaia horrek, bolantak, dantzaz haratago ez du deus erraten? (…)
Saio honek, esperientzia pertsonal eta testigantza eta lekukotasun anitz erantsiz, antzerki-entseguetako geletan garatu soa du bakarrik pausatzen gure betiko libertitzeko moldeetan”.

Antton Lukuren (Kalifornia, 1959) familia Ameriketatik itzuli eta Amikuzeko Arberatzen bizi izan da. Gaur egun Garaziko lizeoan ari da euskara irakasle gisa. Ipuin bilduma bat argitaratua du, Botoiletan (Maiatz, 1998).
Antzerkia da  bere sorkuntza eremu nagusi eta joriena, eta betidanik euskal antzerkiarentzat bide berri eta egokituak bilatzen tematurik ibili da. Bere azken lau lanak toberari buruzko ikerketak izan dira. Euskal Kultura? bere saiakerak, Juan Zelaia Saria 2008 irabazi zuen, eta Pamielak argitaratu du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button