MUSIKA

The Damned punk banda klasikoak Gasteizen joko du

Punk-rock zaleek ezinbesteko hitzordua dute ostiralean Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, egun horretan punk-rock estiloaren aitzindari den The Damned talde britainiarrak joko baitu. Ingelesekin batera, Cómo Huele! taldeak joko du.

The Damned single bat argitaratu zuen lehendabiziko punk taldea izan zen, New Rose, 1976ko urrian; iraupen luzeko disko bat plazaratu zuen lehen punk banda ere izan zen, Damned Damned Damned, 1977ko otsailean. Hori gutxi balitz bezala, AEBetan bira egin zuen lehen punk talde ingelesa izan zen.

Azkar-azkar jotzen hasi ziren, baina haien proposamena garatzeko gaitasuna ere erakutsi dute; esaterako, Machine Gun Etiquette (1979) maisulanean, pop kantu bikainak txertatu zituzten. 80ko urteetan, gainera, soinu ilunagoa jorratu zuten, darky-agoa edo gotikoagoa: The Black Album (1980) eta Strawberries (1982), besteak beste.

Egungo taldean, Dave Vanian (David Lett) abeslaria eta Captain Sensible (Raymond Burns) gitarra jotzailea daude. Gainerako taldekideak ondokoak izango dira: Monty Oxy Moron (teklatua), Stu West (baxua) eta Pinch Von Pinching (bateria).

“Gure ustez, punka guztia aldatuko zuen zerbait zen, eta harrezkeroztik, punkak hainbat berraragiztatze bizi izan ditu, gure antzera!”, esan du Vanianek.

Bestalde, Borja López de Guereñu eta Javier Maculetek eratu zuten Cómo Huele! 1984ean, Bilbon. Jimmy Jazzen arabera, “Décima Víctima, Violent Femmes, Psychedelic Furs edo Ultravox-en lurrinak dauzkan diskoa sinatzen dute”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button