MUSIKA

Esne Beltza taldea Bartzelonan izango da etzi

Esne Beltza taldeak Bartzelonan joko du Korrikak antolatu duen ekitaldi sortaren baitan. Emanaldia 20:00etan hasiko da larunbatean, hilak 9, Cotxeres De Santsen. Baga Biga zigiluarekin grabatzen duten taldeen harira, Vendettak Ondarruko Kafe Antzokian joko du zapatuan ere, eta, egun berean, baina Hernaniko Biteri Kultur Etxean, Korrontzi & Oinkari triki eta dantza ikuskizunaz gozatu ahal izango da.

Nabarmentzekoa ere bada Basauriko Simca rock taldeak asteburuan egingo duen kontzertua, hain zuzen ere, azkena izango baita. Hamar urte eta gero rock independentea jorratzen duen talde bizkaitarrak trasteak utziko ditu, eta azken agurra bihar egingo du Bilboko Azkena aretoan. Ondoan, hastapenetatik lagun izan duten Cordura bandak joko du.

Metal estiloari dagokionez, Galdakaoko Biok taldea Gernikako gaztetxean izango da larunbatean. Bizkaitarrekin batera Bullets of Misery izango dira. Emanaldia 22:30ean hasiko da.

Nafarroako Arbizu herrian ere, Palestinarekin Elkartasunez jaialdiaren barruan Stupenda Jones, No Relax, Talco, Estricalla, La Maquina, Hesian eta Des-Kontrol taldeak arituko dira larunbatean.

Azkenik, azpimarratu behar da Andoaingo Gaztetxean, No Means No hardcore talde mitikoak larunbatean egingo duen kontzertua. Izan ere, Kanadako hirukotea aitzindaria da hardcorea beste estilo batzuekin uztartzen, esaterako, jazzarekin eta funkarekin. Taldearen hazia 1976an erein zen, John eta Rob Wright anaiak Led Zeppelin banda handiaren kontzertua ikusten zeundela. Harrezkeroztik makina bat disko ospetsu argitaratu dituzte eta kontzertu andana egin. Orain arte grabatu dituzten diskoen artean Wrong eta 0+2=1, dira aipagarrienak. Andoainen, berriz, Faceless May/Old izenburuko azken EPa aurkeztuko dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button