MUSIKA

Perlak taldeak “Itzaletatik” izenburuko lana argitaratu du

Zarauzko after-punk bandak Itzaletatik izenburuko disko berria argitaratu du. Laukoteak ohiko doinu melodiko eta ilunak  jaso ditu, 80ko hamarkadako post-punk estilotik edaten dutenak, baina oraingoan, soinuak nabarmen egin du gora, Aitor Abio ekoizlearen lanaren ondorioz.

Perlak taldearen Facebook webgunean jasotzen denez, taldearen eraginak hauexek dira: The Cure, Joy Division, New Order edo Siouxsie & the Banshees; hots, after-punkaren itzaletik sortutako pop taldeak. Bada, disko berri honetan ere eraginon geriza nabarmena da: baxu potoloak, giro lanbrotsuak, sintetizadoreak…

Laukoteak hamar kantu grabatu ditu Mungiako (Bizkaia) Gaua estudioan, 2016ko martxoan. Abiok, besteak beste, Belakoren lehenengo grabazioak zuzendu zituen. Estudiotik ondoko kolaboratzaileak pasatu dira: Oihane Abarrategi, ahotsa Emakume kuantikoa kantuan eta Maite Arroitajauregi Mursego-k biolontxeloa jo du Bandera Moreak-en.

Perlak  2013ko lehenengo hilabeteetan eratu zen Zarauzko lokal batean, “ardo tragoxkaden artean”. Taldekideak hauexek dira: Maite Martiarena (ahotsak, gitarra, teklatua eta koroak), Miren Narbaiza (ahotsak, gitarra, teklatua eta koroak), Patxi Agirre (ahotsak, baxua eta koroak) eta Ilargi Agirre (bateria eta koroak).

Igandean, Berako Kataku ostatuan aurkeztuko dute diskoa. Ekainaren 23an, Bilboko Kafe Antzokian; uztailaren 1ean, Zarauzko Modelo aretoan; eta, azkenik, uztailaren 22an, Bermeoko Beleza Malandran.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button