MUSIKA

Amorantek Bilboko Euskararen Etxean joko du gaur

Amorantek (Iban Urizar Ondarza) bost kantuko lehen lana ondu du, “soinu-postal” formatuan. Formatu berezi horretan bost postal biltzen dira, eta postal bakoitzak kantu bat deskargatzeko kodea dauka; halere, lan osoa musikariaren bandcamp webgunearen bitartez ere eskura daiteke. Amorantek gaur aurkeztuko du lan berria Bilboko San Inazio auzoan dagoen Euskararen Etxean, 19:30etik aurrera. Emanaldia Azkue Fundazioak antolatu du.

Soinu-postalok Alaitz Alberdi eta Joseba Agirrezabalagak marraztu eta serigrafiatu dituzte, eta Rafa Rodrigok origamiz eginiko gutun-azal batean daude gordeak. Gutun-azalaren papera, halaber, Josune Galartzak egin du.

Amorantek ez ezik, hainbat musikarik ere parte hartu dute: Patxi Zabaleta, Naia Membrillera, Aitor Nova, Francesca Romana Di Nicola, Maite Arroitajauregi, Xabier Erkizia eta Niño De Elche; azken horren oihuak, hain zuzen, Oroimenaren Fruitu kantuan entzuten dira.

Grabazioaz, berriz, Xabier Erkizia eta Amorante bera arduratu dira. Diskoa, gainera, hainbat tokitan jaso da: “Elgoibarko Makina Erremintaren Museoa, Elgoibarko Musika Bandaren lokaleko aldagelak, Elgoibarko Musika Eskolako perkusio-gela, San Bartolome eliza, Mursegoren kobazuloa, Donostiako Kalkutako Teresaren lurrazpiko parkinga eta Berako Mik estudioa”.

Diskoan askotariko musikak biltzen dira: Flamenko zantzuak, Latinoamerikako oihartzunak, euskal kantagintza…

Kepa Matxainen arabera, “Amorantek iturri ugaritatik edaten du, izen artistikotik bertatik hasita. Rodrigo Amarante musikari brasildarraren eta Enrique Morente flamenko kantari izandakoaren abizenak nahasi ditu, haiei dien miresmenenaren seinale. Eta hasiz gero kantuen aldamioei erreparatzen, han ere era askotako keinuak aurkituko ditu entzuleak, direla Bixenta Mogelen koplak, direla Antonio Molina edota Pepe Marchena flamenko kantarien itzalak, direla herri musikatik hartutako oihartzunak. Baiki, tradizioak pisu handia du Amoranterentzat, baina ez tradizioa ulertuta modu sakratu eta aldaezinean, ezpada zerbait berria sortzeko ezinbesteko zimendu bezala”.
Amorante, ezbairik gabe, ezohiko musikaria da.

Ez galdu bere musika entzuteko aukera, Bilbon, San Inazio auzoan dagoen Euskararen Etxean, urriaren 27an, 19:30etik aurrera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu