
William A. Douglass eta Jon Bilbao dira Amerikanuak. Euskaldunak Mundu Berrian (Pamiela) izeneko lan mardularen egileak. Euskarazko itzulpena Asun Garikanok egin du.
Nevadako Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuaren zuzendaria Robert Laxaltek egindako hitzaurrean honako hauek idatzi ditu: “Ez da harritzekoa euskaldunek Mundu Berrian izandako bost mendeko parte-hartzea hain isilean pasatu izana historia-liburuetan. Erreserba euskal nortasunaren markarik sakonena izan da beti.
Eta hala ere, harritzeko modukoa izan da parte-hartze hori. Euskal marinelak aitzindari izan ziren ozeano ezezagunak zeharkatzen baleen atzetik, eta ziurrenik ezarria zuten begia Ternuan eta Kanadan 1500eko hamarkadaren hasierarako, edo agian lehenago. Euskal ontzi eta marinelei esker egin zen Kristobal Kolonen lehen espedizioa. Ordutik aurrera, euskaldunak presente egon ziren Hego Amerikaren, Mexikoren, Kalifornia espainiarraren eta Mendebalde Urrunaren konkistan eta kolonizazioan.
Ondo samar informatutako legoa eta guraso euskaldunak dituen amerikarra naizen aldetik, esan beharrean nago liburu hau –Amerikanuak: Euskaldunak Mundu Berrian– garrantzi handiko mugarria dela. Bere edukia aurrerapauso handi bat da, horretan nago, Mundu Zaharrak Ipar Atlantikoan, Latinoamerikan eta Mendebalde Urrunean izandako parte-hartzearen historia ezagutzeko bidean”.
Bostehun orri pasatxo dituen lan potoloan, makina bat argazki interesgarri ere badatoz, zaharrak guztiak, testu luze eta sakona hornitzeko xedez.



