
Eztena jaialdiko kideek eta Zizt! Kultur elkarteak antolatutako Eztena jaialdiak bere 18. edizioa egingo du Errenteria- Oreretan, ekainaren 5etik 7ra.
Aurten ahotsa eta polifonia izango dira jaialdiaren gai nagusiak. “Ahotsa tresna, materia eta sormen-espazio gisa herriko kale eta aretoetan, askotariko antzerki, dantza eta musika emanaldietan”.
Eztenak irekiera ekitaldia egingo du maiatzaren 16an, 17:30etik aurrera, Mikelazulon, aurtengo egitarau osoa aurkezteko, eta bertan ere, bi emanaldi berezi izango dira: AH (Ahots Hutsez) bost ahotsetara landutako polifonia taldearen kontzertua eta J.B. Pedradasen (Javier Barandiaran) La Fiesta Fiesta pieza.
Eztena jaialdiak arte eszenikoetan formakuntza eskainiko du Laia Estruch artista entzutetsuaren eskutik. Nazioartean oihartzuna duten MACBA edo Museo Reina Sofia erakundeetan aritu den sortzailea da. “Gorputzaren eta entzutearen bidez, soinu-adierazpen forma berriekin esperimentazioa lantzeko laborategi performatiboa izango den formakuntza” eskainiko du ekainaren 4tik 6ra, Niessen Kulturgunean.
Ekainaren 5etik 7ra askotariko sortzaileek “ahotsaren dimentsio performatiboa arakatuko dute, dantza, musika eta antzerki emanaldiekin”. Ostiralean, Peru Galbete, Andrea Berbois eta Victoria Aime igoko dira agertokira. Larunbatean, Laia Estruchen lantegiaren emaitzaz gozatzeko aukeraz gain, Maria Ibarretxe, TARTAR kolektiboa eta Parasite kolektiboaren lanak ikusi ahal izango dira. Igandean, Macarena Recuerdaren eta Nazario Diazen emanaldiek itxiko dute jaialdia.



