MUSIKA

Euskal Kammerphilharmonia eta Felix Ayo Getxon

Getxoko 26. Kontzertu Klasikoen zikloa hilaren 8tik 11ra izango da eta aipatutako saioaz gain, Rodolfo Alberoren eta Manuel Arizaren lied errezitaldia eta Victoria ganbara taldearen eta Josep Colomen kontzertuak hartuko ditu. Saio guztiak Areetako Andrés Isasi Musika eskolan izango dira 19:30ean eta sarrerak dagoeneko salgai daude.

Lehenengo egunean, hilak 8, Euskadiko Kammerphilharmonia izango da entzungai. Euskal Herrian parekorik ez duen taldea da honakoa, garai konkretu bateko errepertorioa esklusiboki lantzen duen lehen ganbara-orkestra profesionala delako, hau da, azken barrokotik hasi eta Vienako klasizismora arteko errepertorioa.

Kontzertu horretarako, euskal biolinista entzutetsuenetako baten laguntza izango du orkestrak: Felix Ayo, I Musici talde famatuaren sortzaile eta partaidea, eta nazioarte mailako hainbat sariren irabazlea.

Hurrengo egunean, asteazkenean, Rodolfo Albero tenorearen eta Manuel Ariza piano jolearen txanda izango da. Lied-ez osaturiko kontzertua eskainiko dute, Robert Schumann-en omenez.

Zikloaren erdi aldera, Victoria ganbara-talde errusiar famatua izango da. Talde gazte hori 2002an sortu zen, xede argiarekin: ahalik eta musika-literatura zabalena lantzea, gutxieneko taldekide-kopuruarekin. Errepertorioari dagokionez, makina bat garai eta estilo jorratzen dituzte: barrokoa, erromantizismoa, XX. mendeko herri musika, eta XXI. mendeko musikagileen musika-lan modernoak.

Azkenik, zikloari bukaera emateko, beste artista beterano bat izango da entzungai, Josep Colom. Bartzelonako pianista Espainiako entzutetsuenen artean dago.

Getxoko Kultur Etxeak bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button