ESZENA

ADELen, ArteDrama Euskal Laborategian, izena emateko epea zabalik dago

Apirilaren 21etik 26ra bitartean, arte eszenikoetan sakontzeko tailerrak antolatu ditu ArteDrama Euskal Laborategiak.

“ADEL arte eszenikoetan euskaraz aritzen garenon topagunea da; aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizaleentzat urtero zabaltzen den gunea. Euskal Herriko arte eszenikoetan murgilduta gaudenon arteko eztabaidak, jakintza eta elkartrukeak sustatzeko asmoarekin, astelehenetik larunbatera, 48 orduz guztira. Ikastaro guztiak euskaraz izango dira”.

Aurten, Mikele Urroz Zabalzak Ekintza, aktoreon giltza ikastaroa emango du. “Antzerkia, narrazio edo olerkitik ezberdintzen duena, ekintza presentea dela da. Publiko baten aurrean egiten dugun ekintza. Eta aktoreon lana, ekintza hori gorpuztea da. Nola lortu irudi edo hitz bat ekintza batean gauzatzea? Nola lortu hitzek gordetzen dituzten irudiak ekintza fisiko bihurtzea? “

Ainhoa Alberdi, Javier Barandiaran eta Oier Guillan  adituek Pizgailua. Dokumentua gorputzaren detonante gisa izeneko tailerra egingo dute: “Itzulpena” kontzeptu mobilizatzaile gisa eta hitzak irudimenaren zerbitzura jartzea izango dira tailer honen motorra. “Probokazio” ezberdinen bidez, zentzumenak irekitzeko moduak bilatuko ditugu, begirada arintzeko, sorkuntza eszenikorako estrategiak aurkitzeko, materialak sortzeko eta ikerketa-prozesuetan murgiltzeko.

Garazi Etxaburuk Gorputza eta Mugimendua gaietan murgilduko ditu ikasleak. “Ariketa eta jolas ezberdinen bitartez, burua eta gorputzaren arteko konexioa landuko dugu. Modu kontziente baten, gure mugimendu aukera guztiak ikertuko ditugu”.

Dejabu Antzerki Zinematua izeneko arloan arituko da. “Dejabu Konpainiako kideek tailer honetan, bereziki Itzulera azken antzezlanean landutako lengoaia partekatuko dugu ikasleekin”.

Aitzol Iraolak Arrotzaren Edertasuna aurkeztuko du. “Noraino iritsi daiteke gorputz bat? Nola landu presentzia eta adierazmena gorputzetik. Edo nola landu gorputza, presentzia eta adierazmenetik. Gorputz erabilgarri eta iragazkor bat garatuz, bakoitzaren muga fisiko eta mentalak arakatu nahi dira. Arrotza, arraroa, zatarra eta apurtua den hori ere badelako ederra”.

Ander Lipusek Labirintoan Jolasean izeneko tailerra egingo du. “Ikastaroan zehar aktorearentzako teknika ezberdinen ezagutzan sakonduko dugu. Alde teknikoak jorratu ondoren alde poetikora pasatuko gara. Inprobisazioak eta ekintza txikien sorkuntzak hartuko dute garrantzia ikastaroaren bigarren partean. Antzerkiaren labirintoan murgiltzeko prest?”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button