ESZENA

ACT, Nazioarteko Sortzaile Berrien Antzerkialdia

Maiatzaren 30etik ekainaren 2a bitarte egingo dute Nazioarteko Sortzaile Berrien Antzerkialdia Bilboko edo ACT Festival Bilbon eta Barakaldon. Gaur goizean Bilboko itsasaderrean zehar eginiko prentsaurreko zoragarrian aurkeztu dute ekimena.

Bederatzigarren edizio honetan ere, mundu guztiko artisten proposamenak eta egitarau pedagogikoa bilduko dute, izan ere “…aurtengo ACT honek, ohikoak ez diren sorkuntzak aurkeztuko ditu berriro ere, abangoardiako estetika berriak eta proposamen freskoak”, esan du Fer Montoya ACT Jaialdiko zuzendariak. Horretarako, ahalegin handia egin dute Europako Antzoki eta arte eszenikoen jaialdietako programatzaile kopuru gehiena biltzen.

Lehenengo eguneko hitzordu nagusia, maiatzak 30, Bilboko Kafe Antzokian izango da, 20:30ean. Hiru egun horretan taularatuko dituzte: In-Human on her Sleeve, Emma Fishwick Inc (Australia); The Miserable Thing, Fernando Belfiore (Italia/Herbehereak), eta Manual básico de cine experimental, La Casa en el Árbol (Espainia). Gero kontzertua izango da ACTnight lelopean. Herbeheretako Bai-Thopss eta Euskal Herriko Anai-Arrebak taldeek joko dute.

Bigarren egunean, Kafe Antzokiak beste hiru emanaldi hartuko ditu: Lost and Found, Trewstone Productions (Australia); Self Portrait, Ana Mendes (Ingalaterra/Portugal) eta Stereo Mu T Kolektiboa (Euskal Herria). Hitzordua, 22:00etan izango da. Hiru emanaldien ostean disko jartzaileak izango dira.

Ekainaren 1ean, halaber, beste lau lan ikusi ahalko dira Kafe Antzokian: Perle, Thomas Eccleshare (Ingalaterra); The Day Before, Sonya Levin (Errusia); Patriot James Finnemore (Ingalaterra); Fantasía nº10: La alegría de vivir, Vladimir Tzekov, Laboratorio de accion escenica (Espainia).

Azken egunean, ekainak 2, Travaill, Alma Söderbeg (Suedia) eta The Furies, Kindle Theatre (Ingalaterra) lanak antzeztuko dituzte, eta gero

ACT 2012 Sari Banaketa egingo dute. Ekitaldia amaituta disko jartzaileen txanda izango da.

Aipaturiko ekitaldiez gain, Barakaldoko Antzokian, Bilborocken eta Guggenheim Bilbao Museoan ere antzezlanak izango dira, eta egitarau artistiko horrekin batera prestakuntzarekin loturiko Egitarau Pedagogikoa ere atondu dute ACTren baitan.
Hala, atzerriko profesionalek ikastaro trinkoak zuzenduko dituzte: La casa en el árbolek Colgados en la pausa tailerra gidatuko du. Rachel Krischek mugimenduan oinarritutako Adimenak Praktikan tailerra, Kate Craddockek Edozer gerta liteke Kate Craddockekin sorkuntza ikastaroa eta Charles Haldersek Aurkezpen abestua ikastaroa egingo du.

Hauez guztiez gain, Dantzine (Cinedans on Tour, Coup de Grace eta Point Taken 2), TopaketACT, ACTmosfera eta bestelako ekimenak atondu dira.

ACTk eta Arriaga Antzokiak, sari berezia banatuko dute (2000 euro), eta gainera BAIk, Bilbon duen egoitzan egonaldi artistiko bat eskainiko du. Izan ere, BAI eskolaren 15 urteak ospatzen ari dira eta horrexegatik, 24 eta 25ean Cabaret Magritte taldeak saio berezia eskainiko du.

Egitarau oparo honen xehetasun guztiak (ordutegiak, datak, konpainiak, eta abar) ACTren webgunean jasotzen dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button