ESZENA

ACT Jaialdiaren VIII. edizioa datorren astean hasiko da

ACT Jaialdia datorren astean hasiko da eta bere zortzigarren edizioan, beste askotan bezala, mundu osoko artistarik interesgarrienen lanak aurkeztuko ditu Bilbo eta Barakaldon, izan ere, aurten bisitariak Korea, Japon, Taiwan, Belgika, Grezia, Suedia, Finlandia, Austria, Erresuma Batua, Espainia, Herbehereak, Alemania, Portugal herrietatik etorriko dira.

Ideia berriak, bizipen artistiko berriak, antzerki proposamen esperimentalak eta ohikoak ez diren lanak ikusteko parada ederra egon da ekainaren 1etik 4ra bitarte. Horretarako, aurtengo ACTk, 11 lan labur lehian, 7 antzezlan berezi eta bideo-dantza saioa ekarriko ditu zaleen begietara. Lehian arituko diren lan horientzat, Arriaga Antzokiak, ACT Arriaga 3.000 eurotako saria banatuko du, eta BAIk, Bilbon duen egoitzan hilabeteko egonaldi artistikoa egiteko laguntza ere emango du.

Eta horien aurretik “programa pedagogikoa, ikastaroak eta nazioarteko eskola ere izango ditugu espazio berri batean: TopaketACT, non artista eta programatzaileen arteko bilguneak egongo diren, lanak zabaldu ahal izateko”, esan zuen atzo Fer Montoya jaialdiko zuzendariak.

Aurtengo berrikuntzaren bat ere egongo da espazioari begira. Aurten Guggenheim Bilbao Museoko Zero espazioa, Barakaldo Antzokia, Bilborock eta Kafe Antzokian ikusi ahalko dira estreinaldiak. Toki bakoitzean atal berezi bat egongo da. Barakaldo Antzokian, ikastaroak, erakusketa lanak eta Ensemble Week. Lehian arituko diren lanak Bilborock eta Kafe Antzokian. Eta Guggemheimen, Dantzine.

Jaialdi berezi honek betiko helburuak mantentzen ditu. Alde batetik, antzerki, dantza eta performance munduko sortzaileen lan berriak erakutsi, eta bestetik, hausnarketa, eztabaida, truke eta ekintza guneak sortu. “Era berean, Europan dauden lanak hemen ezagutaraztea, eta berdin hemengo lanekin han”, adierazi du Montoyak.

Arte eszenekikoei dedikaturiko aste honen hasiera Kafe Antzokian egingo den The Hustler-en kontzertuak ekarriko du. Bertan ere lehiaketa eta erakustaldiko lanen lehenengo emanaldia izango da.
ACT sorpresaz beterik etorriko da aurten eta diziplina artistiko honekin bat egiteko abagune paregabea izango da ekinaren 1etik 4ra bitarte.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.