LITERATURA

Aberriaren poeta kantaria

Alberdania argitaletxeak Alex Gurrutxagaren Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria saiakera lana plazaratu du.

Lete poeta eta kantariaren gaineko saiakera berria daukagu plazan. Edozein euskaldunentzat Lete ezinbesteko erreferentea da, olerkigintzan bezala kantagintzan ere, herrigintzan bezala jarrera etikoen eraikuntzan ere. Pertsona  horrek eraiki duen figura erraldoiaren baliabide gehiago ditugu orain, Alex Gurrutxaga Literaturan doktore gaztearen liburuari esker.

Lan berria Alex Gurrutxagak aurten irakurri duen doktore tesia da, nahiz eta eleberri bat bezain erraz eta modu atseginean irakurtzen den. Egileak adierazi duenez, “saiakera honek talaia askotatik begiratzen die Xabier Leteren mundu poetikoari eta sorkuntza lanari. Alde batetik harremanetan jartzen ditu Leteren obra eta bere bizitzako peripeziak. Beste alde batetik, Leteren sorkuntza lanak eta garaian garaiko testuingurua lotzen ditu. Horrez gain, abesti eta poemek ezkutatzen dituzten ideiak, Leteren filosofia eta irudi poetikoen sorburu diren bizipen eta paisaiak xehatzen ditu”.

Lana hiru atal nagusitan banatuta dator, eta bakoitzean, poemak, abestiak eta itzulpenak komentatzen dira, bertako testuinguruan edo elementu biografikoak aletzen ditu, eta tarteka, kantaldietako pasadizoak ere agertzen dira. Guztira 21 poema eta abesti sartu ditu lanean, “antologia txiki bat osatzen dutenak”, bai eta Leteren material argitaragabea ere.

Alex Gurrutxagak eta Joana Otxoa de Alaiza piano-jotzaileak honen kariaz Txori kantazale: Xabier Lete berrezagutzen izeneko errezitaldi  bat prest dute  eta laster errezitaldi hori Euskal Herrian zehar egingo dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button