MUSIKA

Elvin Bishop, Dana Fuchs eta Joe Louis Walker Getxo & Blues jaialdian

Ekainaren 21etik 23ra bitarte egingo dute blues musikaren inguruko Getxo & Blues jaialdia Algortan. Lehenengo egunean, ekainak 21, Elvin Bishopek joko du, bigarrenean, ekainak 22, The Dana Fuchs Bandek eta hirugarrenean, ekainak 23, Joe Louis Waker-ek. Kontzertuok Algortako Biotz Alai plazan izango dira 21:00etan.

Horietaz gain, doako beste bi izango dira The Piper’s Irish Pub tabernan: Tolosako The Romanticos (ekainaren 22an) eta Cadiz hiriko Mr. Groovy & The Blues Hands (ekainaren 23an). Gaur goizean aurkeztu dute Bilbon blues jaialdi ezagun honen 24. edizioa.

Iñaki Elorriaga Getxoko Nazioarteko Blues Jaialdiaren zuzendariak adierazi duenez, dagoeneko 400 eta 500 sarrera inguru saldu dituzte eta nobedade gisa jaialdiaren egunak aipatu ditu. Izan ere, aurreko urteetan ostiraletik igandera egiten zen eta aurten ostegunetik larunbatera bitarte egingo dute. Jaialdiak 70.000 euroko aurrekontua izan du, iazkoa baino apur bat txikiagoa. “Artistek ere haien prezioak jaitsi dituzte, hemen merkealdia guztiontzat omen da”, esan du egun bizi dugun krisia aipatuz.

Taldeei dagokienez, lehenengo egunean joko duen Elvin Bishop gitarra jotzailea (1942, Glendale, Kalifornia) eskarmentu handiko musikaria dela esan du. Blues estiloaz gain, AEBetako hainbat musika estilotan ere maisua dela nabarmendu du. Izan ere, 19 urte zituela Chicago hirira joan zen ikastera beka bati esker eta bertan hiri hartako blues artista mitikoak ezagutu zituen, hala nola, Muddy Waters, Little Walter eta Howlin’ Wolf. Elorriagaren hitzetan, “kontzertua oso entretenigarria izango da ikus-entzuleentzat, askotarikoa izango baita, estilo anitz joko ditu, tartean, cajun, soul eta country estiloak”.

Bigarren egunean arituko den Dana Fuchs (New Jersey, 1976) emakumezko kantari, konpositore eta aktore gaztea da. “Jaialdiko ezustekoa izango da”, azpimarratu du Elorriagak. Iaz, Love to Beg izeneko lana argitaratu zuen eta Europako blues jaialdi garrantzitsuenetan kritika ikaragarri onak jaso zituen. Bere blues doinuak, rock estilotik gertu daude. Janis Joplinekin alderatu dute zenbaitzuek.  Hemendik egingo duen estreinako kontzertua izango da.

Azkenik, hirugarren egunean Joe Louis Walker (San Francisco, 1949) Bandek joko du. “Hamazortzi urte eta gero Joe Louis berriro izango dugu gurean”, esan du Elorriagak. Gitarra jotzaile estatubatuar honek ere trebezia handia erakusten du bluesa bestelako doinuekin uztartzeko, soul, jazz edo rhythm and blues estiloekin, besteak beste. Bere azken lana, Hellfire, uztarketa horren isla da, zeinak prentsa espezializatuaren laudorioak jaso dituen. Zuzenean emakumezko ahotsen eta tronboiaren laguntza izaten du, besteak beste.

Egitaraurekin loturiko bestelako xehetasunak getxo.net webgunean biltzen dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button