IKUS-ENTZUN

Gizarteko aniztasuna agerrarazi nahian

Atzo, Pau Guillén Zinegoak lehiaketaren zuzendariak eta Karmele Merino kideak, otsailaren 22tik eta 29ra bitartean egingo den Zinegoak zinema festibalaren gaineko xehetasunak eman zituzten. Aurtengo Zinegoak kalera aterako da sexu-eta familia-aniztasunaz sentsibilizatzeko eta horretarako erakusketak, kontzertuak, mahai-inguruak eta film asko ikusteko programazio bikaina ondu dute.

Bilboko Gaylesbotrans Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiak bere 13. edizioa egingo du aurten helburu batekin, “sentitzeko eta maitatzeko modu eta errealitate ezberdinak ezagutaraztea”. Horretarako datozen bi asteetan hiria “sexu-eta familia-aniztasunekin lotutako ekintzez” beteko da, izan ere, atzo aipatu zuten bezala, “ez dugu nahi Zinegoak LGTB publikoarentzat soilik zuzendutako festibala izatea, baizik eta zine ona gustuko duen publiko zabalari zuzentzea, uste dugulako kultura tresnarik onena dela jendarte guztia sentsibilizatzeko”.

Zinema-erakustaldia otsailaren 22tik eta 29ra bitartean izango den arren, Zinegoak otsailaren 16an abiatuko da 3, 2, 1… Zinegoak! izeneko ekimenarekin. Lehen egun horretan, Amnistía Internacionalek antolatuta, Alde Zaharreko Merkatarien Elkartearen lankidetzarekin, formatu handiko 27 argazki biltzen dituen erakusketa bat abiatuko da LGTB kolektiboaren aktibistek Afrikan bizi duten egoera azaleratzeko.
Hasierako egun horietan ere LGTB mugimenduaren lehen dokumentazio artxiboa aurkeztuko da Euskal Museoan; Hacia una primavera rosa sailaren azken dokumentalaren estreinaldia izango da ( Mexikoko errealitateaz jabetzeko parada egongo da); eta trans-nortasunaren eta transfeminismoaren bilgunea sortuko da Bilborrocken, Pikara Magazine eta Zinegoaken eskutik.

Horren ostean, festibalak ateak zabalduko ditu eta zine ona eskaintzen hasiko da. Egun horietan, besteak beste, 27 fikziozko film luze, 10 dokumental, 34 film labur, 17 lan esperimental eta zortzi euskal lan eskainiko dira Bilboko hainbat tokitan.
Hortaz, Atal Ofizialeko sailaz gain, TransMex atalak, Mexikoko transexualitatearen perspektiba eskainiko du, eta OFF Zinegoak atalean, aldiz, zinemarik esperimentalena aurkeztuko da. Begiradak film laburren atal ofiziala ere izango da edo Klasiko Ezkutu Argituak izeneko saila ere bai.

Honetaz guztiaz gain, otsailaren 28an, Azkuna Zentroko Kulturen Atrioan Rock & Kids Band-ek Gora nire familia izeneko rock kontzertua esakiniko du.

Hau eta beste asko, Zinegoak jaialdian duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button