LITERATURA

“Hitz Andana”, hitzaren inguruko jaialdia

Irailaren 30etik urriaren 3ra arte, hitzaren inguruan ardaztu duten Hitz Andana jaialdia egingo da Hernanin. “Hitz Andanarekin, hitzaren artea liburu formatutik atera eta hitzaz beste era batzuetara gozatzeko gonbidapena egiten du urtero udal liburutegiak”.

Hasteko, bihar, hilaren 30ean bertso saio literarioa izango da. Itxaro Bordaren Euri zitalari esker liburutik abiatuta, eta idazlea bera gai-jartzaile lanetan dela, Haira Aizpurua, Sustrai Colina eta Alaia Martin arituko dira bertsotan.

Urriaren lehen egunean helduentzako Erotik, berotik, zerotik ipuin-kontaketa antolatu da Ixabel Agirresaroberen eskutik. Bertan ipuin herrikoiak eta egungo idazle batzuenak entzun ahalko dira.

Ostiralean, urriaren 2a, Miren Agur Meabe poeta eta Ibon RG musikaria igoko dira oholtza gainera, eta REC poesia irakurraldi musikatua eskainiko dute. Topaketa eszeniko eta poetiko honetan, egileak idatzitako testuen errezitazioa eta soinu-paisaia esperimentalak uztartzen dira, Meaberen literatur ibilbideko zatien errepaso bat egiteko Ibon RG-k musikatutako lanekin txirikordatuta. Bi ahotseko kontrapuntu bat, memoria poetiko bati eusteko ahaleginean. Ekimen hauek guztiak Biteri kultur etxean izango dira, 19:00etan eta doan. Helduentzako ipuin-kontaketa liburutegian bertan izango da.

Jaialdia bukatzeko, Dobera Euskara Elkarteak antolatutako HAzoka, Hernaniko liburu eta disko azokaren seigarren edizioa izango da Atsegindegin (urriak 3, 10:30-13:30).  “Euskarazko musikaz eta literaturaz gozatzeko gunea izango da”. Liburu-postuak, liburu eta disko aurkezpenak, Karabeleko konpartsa txikia, familientzako tailerra, antzerkia eta Arbasoak taldearen kontzertua izango dira goizean zehar.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button