BESTELAKOAK

“Open Bilbao” ekimenak herritarrak arkitekturara hurbilduko ditu

Open Bilbao arkitektura-jaialdiaren hamargarren edizioa irailaren 28tik urriaren 4ra arte egingo da helburu argi batekin: arkitektura eta hirigintza herritar guztiei hurbiltzea, eta, aldi berean, hiria osatzen duten espazioei begiratzeko eta haiekin harremanak izateko modu berriak proposatzea.

Aurtengo programak 101 espazio (tartean, Bilboko Udala, Arriaga Antzokia, Chávarri Jauregia, Euskalduna Jauregia, Azkuna Zentroa, Basurtuko Unibertsitate Ospitalea, Artxandako Funikularra, Abandoko Geltokia, Foru Liburutegia, Erriberako Merkatua, Bilbao Arena, Itsasmuseum, Bizkaia Dorrea, Udaltzaingoaren egoitza eta Suhiltzaileen egoitza, besteak beste. Zerrendak, halaber, egoitza-, industria-, hezkuntza-, kultura- eta arkitektura garaikideko espazioak ere) ireki izango ditu, guztiak bisitatu ahal izango direnak.

Edizio honek “gure inguruneak eraikitzen dituzten material, lanbide eta prozesuetan jarriko du arreta, eta aztertuko du materialak nondik datozen, nola eraldatzen diren, prozesu horietan nortzuk parte hartzen duten eta zer lotura sortzen diren arkitekturaren, lurraldearen, memoriaren eta identitatearen artean”.

Programak hauxe eskaintzen du: oinez ibili, ikusi, jolastu, diseinatu, solasean aritu, marraztu, bisitatu eta idatzi. “Ekintza horiek programa bat eratzen dute, eta programa horretan, hiri-ibilbideak, bisitak, tailerrak, erakusketak, elkarrizketak eta hainbat publikori zuzendutako proposamenak konbinatzen ditu”. Horretarako Hiri Safaria antolatu da Zorrotzaurren, Eraikin Poetikoa poesia-tailerra egingo da Begoñan, edo Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren egoitzan egingo den Tomás Bilbao por Tatiana Bilbao erakusketako bisita gidatua, besteak beste.

Jarduera horietan guztietan parte hartzeko, aldez aurretik hitzordua hartu beharko da ekimenaren  webgunean.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button