
Aste osoan zehar, irailaren 21etik 27ra, Rataplan jaialdiak kaleko ikuskizun eder batzuk ekarriko ditu Barakaldora.
Jaialdiak antzerki, zirku, dantza eta umore proposamenak bildu ditu bere hamargarren edizioan, eta astebetez Euskal Herriko, Kataluniako, Galiziako, Andaluziako, Valentziako Erkidegoko eta Mozambikeko konpainien 14 ikuskizun eskainiko ditu.
Jaialdia atzo hasi zen El Mono Habititado (Euskal Herria) taldearen El juego de la boca ikuskizunekin. Atzo ere, Hortzmugaren (Euskal Herria) Alonso, ezinezko mandatuen mezularia ikusi ahal izan zuen publikoak.
Gaur, hilak 22, Pere Hostako (Katalunia) taldearekin jarraituko du programazioak eta WooF eskainiko du. Pieza “pertsonen eta txakurren arteko harremanetik abiatzen da eta, pailazo baten begiradatik”. Gaur ere, Node taldeak (Euskal Herria) Aztura aurkeztuko du. Ikuskizunak Euskal Herriko mitologia eta herri tradizioak hartzen ditu oinarri, baina gaur egungo gizartearen ispilu izateko asmoz. Obrak hainbat gai kritiko jartzen ditu mahai gainean: genero ikuspegia, justizia klimatikoa eta lurralde identitatea, esaterako. Euskal Herriko mitologia eta tradizio herrikoietatik abiatuta dantza, musika eta kantua uztartzen dituen hamargarren urteurrena ospatzeko sortutako proposamena.
Datozen egunetako programazioa ikusteko: Rataplan.



