
Sormenaldia 2026 Loraldia Plazaren baitan kokatzen den proposamena da. Aurten Lekeitioko ibilbideari Markina-Xemein gehitu zaio eta bi herrietan sei eguneko kultur-programazio trinkoa eskainiko da. Egunotan, ekainaren 24tik 26ra bitartean Lekeition burutuko da, eta uztailaren 1etik 3ra, Markina-Xemeinen.
Sormenaldia 2026k diziplina ugari bilduko ditu: musika, teatroa, bertsolaritza, literatura, zinema, performancea eta dantza tailerra. Gaur berton, hilak 24, bertsolaritza eta musika uztartzen dituen Hezur Berriak (Ikusgarri Aretoa, 20:00etan) ikusgarriaz gozatzeko abagunea izango da. Ane Labakaren poema eta testuak dira oinarria. Musikaz Ines Osinaga arduratuko da eta bertsoetan Uxue Alberdi eta Onintza Enbeita arituko dira.
Bihar, ekainak 25, Ipuin bat kantatua (Azkue Aretoa, 19:00etan) saioa egingo dute Eider Rodriguezek eta Anarik. Ostiralean Anton Abadia pieza oholtzaratuko da. Bakarrizketa (Anje Oregiren eskutik) zuzeneko soinu-banda (Xabi Zeberio eta Mixel Ducau), eta Alaia Phillipsen ahotsa elkartuko dira.
Datorren astean Markina-Xemeingo programazioari ekingo diote Loraldiko kideek. Zuberoako dantza tailerra (Mixel Etxekopar); Xiberoa Kantuz Loraturik. Txoriekin Hizketan film laburra; Mixel Etxekopar performance musikatua; eta Maddi Oihenart eta Juantxo Zeberioren kontzertu ederra programatu dituzte.



